Mikel Laboa izan daiteke musikari, kantari, poeta, sortzaile, apurtzaile, iraultzaile… eta izan liteke konstelazio, izan gabe izar; hori da Mikel Laboa Katedrak Bizkaia Aretoan aurkeztu duen erakusketak frogatu nahi duena. EHUkultura eta Loraldiarekin batera gorpuztu da omenaldia, Laboaren heriotzatik 15 urte igaro diren honetan. Artistaren bizitza, ahots, musika eta lanari egiten zaio gorespena, Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano idazleek, Joseba Larretxe “Josevisky” ilustratzailearekin batera sortutako “Ni ez naiz Mikel Laboa” komikiaren harira.
Erakusketak ere, Laboa berak bezala, mugatu eta definitzeko zaila den proposamen bat eskeintzen dio bisitariari; komikiak biltzen duen istorio erdi-biografiko erdi-onirikoari, beti protagonitaren iruditegi eta umore aberatsez josia, beste atal edo plano bat gehitzen dio. Erakusketa bera ataletan banatuta dago, ez biografikoki, baizik eta Laboaren “aurpegi” edo lanketa eta sorkuntza espazioak kontuan hartuta: bere bizitza pertsonala; ikasketak, lana, gaixotasunak, eta abar, atal esperimentala edo Lekeitioak, eta Laboa euskal kultura zaharraren eta berriaren zilbor-heste gisa ulertzen duen atala, besteak beste.
Ni ez naiz, zu ez zara, gu ez gara
Erakusketaren inspirazio eta material iturria izan da “Ni ez naiz Mikel Laboa” komikia. Haren sortzaileek lanketa sakona egin dute Laboaren inguruan, haren bizitzan eta ibilbidean eragina izan zuten tokiak “bizitzeko” beharra asetzeko. Hala, nolabait, artistaren izpiritu eta obra marrazki eta testu bidez helarazten saiatu dira Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larretxe. Ikerketa eta lanketa hortan aurkitutako materiala plazaratzen du “Mikel Laboa… izan liteke konstelazio, izan gabe izar…” erakusketak, artista multidisziplinar eta enigmatikoaren irudia gertuagotik ezagutzeko.
Otsailaren 5etik 29ra egongo da zabalik Bizkaia Aretoko Axular aretoan.