Ospakizun handietako asteburua izan da Bilbon. Ostiraletik igandera hamaika ekitaldi antolatu dira aratusteen harira. Hala, egun horietan zehar Lutxo Egia eta Jasone Akizu, aurtengo Farolin eta Zaranbolas, aparteko garrantzia hartu dute. Dena den, oraindik ez dira 2024ko aratusteak bukatu; izan ere, bihar, otsailaren 13an, Sardinaren Erreketaren bitartez amaiera emango zaie.
Ostiralean, urtero legez, aratusteetako bi protagonisten atxiloketa eta epaiketaren txanda izan zen. Bada, arratsaldeko 18:30etan Arriaga parean hasita, antzezlanari ekin zioten. Agertu ziren Volkswagen autobus zaharrean Lutxo eta Jasone, eta plazako andere argazkilari konkordunak erakarri zituen. Argazkirako pikotak soinean jarri eta “bat, bi eta hiru, atxilotuta gaude!” Behin giltzapean, Plaza Berriraino eraman zituzten txarangaren atzetik kalejiran. Bertan, antzerkiaren zati gehiena eraman zuten aurrera; Bilboko Konpartsakideen munstro familiak eman zien ongi-etorria haien jauregira. Dantza eta algarak izan ziren plazako taula gainean, eta ofiziozko abokatuak ezer gutxi egin ahal izan zuen Lutxo eta Jasonek Farolin eta Zaranbolas izatea borondatez onartu zutenean; aurretik ordea, baldintza bakarra: urkamendira igo zituzten eta bertan eskarnioa jaso, Farolin eta Zaranbolas bihurtuta tranpaldora itzultzeko. Antzerkiaren ostean Altxaporrueko señorek haien kopla txiki saritua antzeztu zuten Plaza Berrian, epaiketako munstro eta gonbidatuekin batera.
Larunbatean, ordea, mozorroekin lotutako ekintzak izan ziren nagusi. Goizetik izugarrizko jendetza eta giroa bildu zen Abandon antolatutako Aratuste Esparruan. Bertara hurbildu zirenek produktu gastronomiko ezberdinez gozatzeko eta norbanakoen mozorro lehiaketan parte hartzeko aukera izan zuten. Era horretan, norbanako, kuadrilla zein konpartsa ugarik ilusioz eta kolorez bete zituzten kaleak. Arratsaldean, berriz, Mozorroen Kalejiraren txanda izan zen. 17:00etatik 19:30etara bitarte izena emandako talde guztiek parte hartu zuten desfilean. Bien bitartean, talde guztiek Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren paretik Plaza Biribilera bitarteko ibilbidea osatzen zuten artean, gainontzekoek Arenaleko kioskoan Jotake erromeriaren kontzertuaz gozatu ahal izan zuten. Bukatzeko, 20:30etan mozorro lehiaketako sari-banaketa antolatu zuten Plaza Berriko eszenatokian.
Atzo, aldiz, indaba eta torrada lehiaketaren txanda izan zen. Plaza Berrian, 11:00ak aldera aurkezten hasi ziren lehendabiziko torradak. Indabei dagokionez, 13:30ak arte izan zuten parte hartzaileek euren lapikoak aurkezteko. Amaitzeko, 14:30ak aldera eman zituzten sariak, batean zein bestean norbanako, profesional zein konpartsek parte ahal izan zuten, nahiz eta kategoria desberdinetan saritu.
Gauzak horrela, aurtengo inauteriak bukatzeko geroz eta gutxiago geratzen den arren, bada oraindik azken ekitaldirako tartea: Sardinaren Erreketa. Ekitaldia 19:00etan hasiko da Plaza Berrian Sardinaren Hiletarekin eta 20:00etan emango zaio amaiera Erreketaren bitartez.