Elkarretaratzea Gurutzetako ospitalean, Palestinan eraildako 310 profesional sanitarioen harira

uriola.eus 2024ko ots. 13a, 15:27
Argazkia: Ecuador Etxea

Gurutzetako unibertsitate ospitaleko ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek bat egin dute Estatu Sionistaren gerrako krimenak salatzeko.

Aurrera jarraitzen du egunez egun Estatu Sionistaren Herri Palestinarraren aurkako jazarpenak. Gaur Gurutzetako ospitalean egin den kontzentrazioaren antolatzaileek argi plazaratu dute “Israelgo Estatua  sortu zenetik, Palestinak indarkeriaren eta etengabeko okupazioaren infernua” pairatu nehar duela, eta horregatik “Irsaelgo armadaren eraso larriak sufritzen ari diren Palestinako lankideei” elkartasuna erakutsi nahi dietela azaldu dute, “beren betebehar deontologiko eta moralak betetzeagatik eraso, atxilotu eta erail” egiten baitituzte.

Nazioarteko erakundeen jarrera “epelaren” aurkako salaketa irmoa egin dute sindikatuek, giza eskubideen “urraketa sistematikoa” ematen ari den garaiotan. Israelen erasoak zibilen, kazetarien, osasun-langileen eta ospitale-instalazioen aurkakoak direla azpimarratu dute, eta, 40. hamarkadatik, Genebako Hitzarmenetan, genoziodioaren prebentziorako nazioarteko zuzenbidea eta gerraren arauak “ondo definituta” daudela. Mobilizazioaren antolatzaileen hitzetan azken hilabeteetan Israelgo estatuak “zigorrik jaso gabe behin eta berriro lerro gorri horiek gurutzatu dituen lekuko izan garela” azaldu dute, azken egunetan Zisjordianara ere zabaldu den egoera; Israelek kolonoak “modu masiboan” armatu dituela eta biztanleriaren aurkako eraso eta hilketak nabarmen ugaritu direla aipatu dute.

23.000 palestinar baino gehiago izan dira erailak azken erasoa hasi zenetik, horietatik 10.000 haurrak. 59.000 da zaurituen zifra, eta egoerari aurre egiteko azpiegitura eta giza-ahalmenak ere izugarrizko kaltea jasan du; 310 dira osasun-langile hilak, 76 osasun-egoitza kaltetuak, eta 100 anbulantzia erasotuak.  1.900.000 desplazatu baino gehiago izan dira azken hilabeteotan, eta Zisjordanian 5.500 atxiloketa administratibo eta 320 hildako baino gehiago daude.