Lan heriotzak salatzeko manifestazioa izan da gaur goizean

uriola.eus 2024ko ots. 14a, 14:44
Argazkia: LAB sindikatua

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizaziora dei egin dute gaur, atzo Durangon hil den 45 urteko langilearen harira, lan heriotzak salatzeko.

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” leloa izan du buru gaur goizean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek, urte hasieratik hil diren 14 langileen gogoan egin duten manifestazioan. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak langileen osasuna okerrera doala adierazi du, “hau ez da zerbait puntuala, buelta ematea lortzen ez den joera baten adierazle gordinena da”. Egungo eredu produktiboen inguruan ere jadun da Aranburu, egun zerbitzuetan geroz eta langile gehiagok jarduten dutela azaldu du, istripuak gerta daitezkeen sektoreetan geroz eta kide gutxiagok lan egiten duten bitartean.

Langileen osasuna hizpide, genero aldagaiaren garrantzia azpimarratu du LABko koordinatzaileak, eta laneko gaixotasunak ezkutzatzeko estrategia argia dela azaldu du. Munduko Osasun Erakundearen datuak mahai gainean, minbizien %30/%40 artean lanak eragindakoak direla gehitu du Aranburuk, eta “Enpleguaren prekarizazioak, lan erritmo altuek, genero arrakalek, soldata baxuek etab. eragin edo areagoturiko arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen”.

Egoera honen erantzukizuna egotzi dio patronalari, patronalak prebentzio legedia ez betetzeagatik eraginik ez zigorrik jasaten ez dutela, eta arduragabekria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eragiten dituela salatu du Aranburuk, instituzioen konplizitatea ere azpimarratuz; patronalen interesak ez kezkatzeko, instituzioek langileen aurkako indarkeria, gaixotasunak eta heriotza ontzat ematen ari direla azaldu du.

Gaurko mobilizazioan parte egin duten sindikatuek elkarlanean jarraituko dutela adierazi dute, gertakari hauen arduradunak seinalatzeko mobilizatuz, prekarietatearen aurkako eta lan osasunaren aldeko borroka indartuz eta osasunaren pribatizazioaren konra eginez.