Munduari begiratzeko modu berri bat aurkeztuko du aurtengo Loraldia Festibalak

uriola.eus 2024ko ots. 15a, 12:57

Martxoaren 1etik 23ra bitartean spatuko da Loraldia Festibalaren 10. edizioa, euskal kulturaren elkargune beste behin.

Hamargarren urteurrena ospatuko du aurten Loraldia Festibalak, eta honen harira munduari begiratzeko 10 modu desberdin aurkeztuko ditu jaialdiak. Intentzioak argi uzten ditu aurtengo leloak “Munduari begiratzeko modu bat” esaldia, Kirmen Uribek idatzitako poema batetik jasoa. Hiru astean zehar euskaraz sortzen den kulturaren erakusleiho eta sortzaileen elkargune izango da Loraldia; 23 egunetan 28 ekintza eta 120 sortzailetik gora bilduko dira bertan: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agire, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, mikel Urdangarin, Jon Maia, eta abar.

Urtero Loraldiak jaialdirako produkzio propioak sortzen ekoizten ditu, ostean haien obrak Loraldian aurkezten dituzten sortzaileekin batera plazaratzeko. Horretarako 2022. urtetik Sormen Digitala Beka deialdia egiten du Loraldiak, euskal sortzaile zein eragileei luzatzen zaien proiektu digital bat sortu eta ekoizteko lagntza. Aurten estreinatuko da lehenengo beka jaso zuen Gorputzaren atzean izeneko emanaldia, mundu digitala eta analogikoa batzen dituena, EHUko irakasle talde batek aurkeztua, Katixa Agirrek aurkeztutako gidoiarekin.

Aurtengo jaialdirako espreski sortu den Goroldiorik ez. Andreak eraztun berdean egitasmoa besteak beste, natura eta kultura uztartzen dituen proiektua. Meni ibilbide gidatua da proposamenaren muina, non Bilboko hainbat emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera eskainiko den, Irati Agirreazkuenaga gidari. Musikaz ere gozatu ahalko dute parte-hartzaileek, Miruak taldea eta Jatorki abesbatzaren eskutik.

Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskariak ere aurtengo loraldian egingo du debuta. Urtero antolatzen da musika, literatura eta bertsolaitza uztartzen dituen ikuskaria, non idazle bati testu bat sortzeko eskatzen zaion, eta ostean idatzi hori musikatzen den, musikari eta bertsolari desberdinen eskutik. Aurten Iban Zalduarena izango da testua, Ibil bedik jarriko dio musika, Miren Artetxe eta Alaia Martin izango dira bertsotan, eta Amaia Agirrek zuzenduko du saioa.

Musika

Musikak presentzia berezia izango du jaialdi osoan zehar. Besteak beste, Sustraien Matxinada ekitaldian, folklorea. jazza eta musika klasikoa uztartuko dira, literaturaren harira betiere, martxoan 5ean Bidebarrieta Liburutegian. Munduarei Begiratzeko proiektua ere plazaratuko da Loraldian, duela 20 urte  Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek New Yorken hasitako proiektua, euskara eta euskal musika, literatura eta artea Euskal Herriko mugez haratago zabaltzeko helburuarekin.

Musika eta antzerkia uztartuko ditu baita ere Patxo Telleriaren Ai gure juaneteak! antzerkiak, non Telleriak Mikel Laboaren hainbat kantu berrinterpretatuko dituen, Adrián Garcia de los Ojos eta Maider Lopezekin batera. Jean Mixel Bedaxagar eta Jon Maiak ere haien azken lanak aurkeztuko dituzte, Erresiñula kantari Bedaxagarrek, dantza, txirula eta kanta uztartzen dituen udazkenean atera zuen lana, eta Maiaren Kantu berri bat gara, 2021ean argitaratu zuen Kantu bat gara lanaren jarraipena, abesti berri propioak protagonista izango dituena.

Literatura, dantza eta zinema

Denetariko disziplina eta sormen esparruak bilduko ditu Loraldiaren egitarauak. Gogoetarako espazioa sortuko dute Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak, euskararen etorkizuna eta izango dituen erronkei buruzko hitzaldian; iraganera begira gure ipuin, istorio eta kontakizunak berreskuratuko dituzte Uxue Alberdi eta Begoña Durrutyk Belarriko kilkerra lanean, eta aurtengo esperientzia digitala “Hiria Lokatzetan podcastaren zuzeneko emanaldia izango da.

Dantzan Bilaka kolektiboaren Mitologia txikiak izango da ikusgai, eta antzerkian "AMAraun" Ohiana Iguaren amatasunari buruzko proposamena edota Lorea Agirreren Artxibo biluzia, dokumentua, performancea eta ekintza eszenikoa biltzen dituen emanaldia aurkeztuko dira jaialdian, besteak beste. Zineman Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro film luzea izango da Loraldiko protagonistetako bat; fikziozko herri batean gertatzen diren 5 laburmetrai biltzen ditu filmeak, euskararen erabilera muinean dutenak betiere. Martxoaren 17an izango da proiekzioa EHUko Bizkaia Aretoan.