Bihar jarriko da indarrean berriz ere metroko bidaien %50eko deskontua

uriola.eus 2024ko ots. 19a, 12:20
Argazkia: Metro Bilbao

Bizkaiko Garraio Partzuergoak onartu berri du neurria eta urtebeteko iraupena izango du.

Bihartik aurrera indarrean jarriko da berriz Bilboko metroan bidaien %50eko deskontua. Bizkaiko Aldizkari Ofizialak plazaratu berri du Garraio Partzuergoak urtebetez deskontua aplikatzea onartu duela.

Neurriak Barik txartelaz edota urte hasieran jada %20ko deskontua zuten abonuen bidez eginiko bidaieta izango du eragina, metroan zein Bizkaia barneko beste garraio zerbitzuetan.

30 egunez izan da publikoa neurria indarrean jartzeko asmoa, eta epe horretan neurriaren onarpenaren aurkako erreklamaziorik egon ez denez, ostiralean onartu ziren prezio berriak. Neurri honen helburua garraio publikoaren erabilera sustatzea da, autoen alternatiba gisa, hala “oinarrizko zerbitzu eta lehengaien garestiaratzeak eragindako zaurgarritasun egoera ekonomiko eta sozialei aurre egiteko”.

Abenduan Bizkaiko Garraio Partzuergoak jada onartu zuen bonu eta aldi baterako tituluetan %20ko deskontua aplikatzea, Espainiar Gobernuaren garraio publikoa sustatzeko neurrien era paraleloan. Estatu mailan bazen murrizketa hauek mantentzeko asmoa, azkenik ostiralian onartu duten arte.

Urtebetez, 2025eko otsailaren 20ra arte egongo da indarrean deskontua.