Iritzia

Eusko Jaurlaritza, bikoizketa eta adimen artifiziala

Aldatu Gidoia 2024ko ots. 20a, 11:09
Argazkia: Stock irudia (Unsplash)

Otsailaren 1ean bilera izan genuen Aldatu Gidoia Euskararen Alde ekimenekook Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko kargudunekin. Ezin esan pozik atera ginenik. Geure helburua zen, eta da, erakunde publikoek benetako apustua egin dezaten, euskara bultzatzeko, ikus-entzunezkoen alde, ezinbesteko baliabide baitira Euskal Herria berreuskalduntzeko. Agintariek, ordea, erantzun ziguten diru publikoa erantzukizunez erabili behar dela, eta horretarako emaitzak (kontsumoa) direla neurgailu nagusi. Irizpide horrekin, ez dirudi gauzak errazten dizkiotenik euskara bezalako hizkuntza gutxitu bati, gaztelaniaren aldean. Legeak hala agintzen duen arren, Eusko Jaurlaritzak ez ditu streaming plataformetara bidaltzen urteetan diru publikoz euskarara bikoiztutako filmen audioak. Hala, plataformetan badira hamarnaka film euskarara bikoiztu zirenak, baina erdaraz ikusi behar ditugunak. Bada, bileran ikusi genuen ez zutela presarik audio horiek plataformetara bidaltzeko. Era berean, ETBn ETB2 kate nagusia dela ukatu zuten, ez zuten onartu gaztelaniazko katea zaintzen dutela gehien. Horretaz gain, Jaurlaritzak ez du ikus-entzunezkoetan EITBz harago euskararen presentzia bermatzeko asmo sendorik erakusten, eta ez du zineman eta plataformetan euskarazko eskaintza duin bat bermatzeko beharrezko partidarik bideratzen. Eta, azkenik, bikoizketari eta itzulpenari dagokienez, azaldu zuten adimen artifizialaren aldeko apustu sendoa egiteko asmoa zutela, eta pauso hori euskalgintzaren eskutik egin dutela.

Oso kezkagarria iruditzen zaigu, batez ere aurrekariak ikusirik. Ramon Labaienek, ETB sortzeko, bikoiztaileen eskola bat sortu zuenetik gaur arte, dena maldan behera joan da: hasieran film guztiak euskaraz ziren, gero ETB2 sortu eta gaztelaniaz ematen hasi ziren, eta 2000. urtea aldera jada gehien-gehienak gaztelaniaz ziren. Bikoiztaileen lan baldintzak ere gero eta okerragoak izan dira. 2000. urte inguruan, agintariak hasi ziren esaten bikoizketa ez zela bide egokia, eta euskarazko azpidatziak zirela etorkizuna. Emaitza? Ikusi dugu: azken bi hilabeteetan, Berria-ko Urtzi Urkizu kazetariak neurtu duenez, 86 film eman ditu ETBk gaztelaniaz (gaztelaniara bikoiztuak), eta 1 euskaraz.

Gai honetan, bat egiten dugu Iria Taibok 2023ko uztailean idatzitakoekin (“Puñais polas costas”, “Nós” egunkarian). Iria Taibo da itzultzailea, interpretea eta Galiziako Itzultzaileen eta Interpreteen Elkarteko lehendakaria. Hona hemen esaten dituen harribitxi batzuk:

“Itzulpengintzaren arloan eztabaida handia dago teknologia berriekin lotuta, esaterako adimen artifizialarekin eta itzulpen automatikoko programekin. (...) Beste arlo batzuetan bezala, itzulpenari aplikatzen zaion teknologia laguntza handia da, eta aurrerapen handiak dakartza, baina iduri du helburua lana erraztea izan ordez helburua dela profesionalei pagatzen zaizkien zenbatekoak murriztea, nahiz eta horrek ez dakarren enpresa kudeatzaileek kobratzen dituzten prezioak jaistea. Hots, multinazional handien mozkin-marjina handitzeko tresna izan daitezke, bukaerako lanaren kalitatea eta lan-baldintzak okertzen dituztenak (...) Duela hilabete batzuk (…) Netflix plataformako serie batengatik hitz egin zen honetaz. (…) Azpitituluak automatikoki egin ziren, baina kexek enpresa behartu zuten beste bertsio bat argitaratzera. Galizieraren kasuan, erne egon beharko genuke, zeren bai baita joera bat jendearen artean, hizkuntza ez-normalizatua izateagatik, beste hizkuntza batzuetan baino kalitate baxuagoko testuak onartzeko, eta gauza bera gerta daiteke azpidatzien kalitatearekin”.

“..eta bikoizketaren kalitatearekin”, erantsiko genuke. Bikoizketaren arloan, aurrekariak oso txarrak dira. Bestalde, auzitan jartzen dugu Eusko Jaurlaritzak pauso hau eman behar duenik “euskalgintzaren eskutik”. Euskalgintzako zer eragilek parte hartu dute erabaki horretan? Adostasunik bai al dago?

Lanean segituko dugu ikus-entzunezkoak euskaraz egin daitezen, kalitatez euskaratu daitezen, eta egindako lan guztiari ahalik eta zabalkunde handiena eman dakion. Maiatzean Gasteizen eginen dugun mobilizazioan presente izango dugu euskarazko bikoizketaren defentsa ere.

Sinatuta: Aldatu Gidoia (Intza Gurrutxaga Loidi, Eñaut Zearra Garabieta, Ane Garmendia Alberdi eta Fermintxo Zabaltza Aleman)