Elkarretaratzea Bilbon, intsumisio kanpainaren 35. urtemugan

uriola.eus 2024ko ots. 20a, 14:10
Argazkia: Kakitzat Koordenakunde Antimilitarra

Duela 35 urte bildu ziren lehenengoz 57 gazte espainiar estatuko hainbat Kuartel Militarretan, haien zerbitzu militarraren aurkako hautua aldarrikatzeko

Gaur, otsailak 20, 35 urte bete dira soldadutzarako intsumisio kanpaina eta ordezko prestazio sozialak hasi zirenetik. 1989ko otsailean hasi eta 2001eko abenduaren 31an amaitu zen protesta, Derrigorrezko Zerbitzu Militarra bertan behera gelditu zenean. 25.000 gazte inguru deklaratu ziren intsumitu 12 urte horietan, 12.000 inguru Euskal Herrian, eta 1.670 intsumitu izan ziren espetxe militar edo kartzeletan, haien desmilitarizazioaren aldeko borrokan.

Bilboko Kuartel militarraren aurrean ekintza egin dute gaur goizean duela 35 urte hasi zen Desobedientzia Zibileko ekimenean parte hartu zuten kideek, Kakitzat koordinakunde antimilitarrak deituta. Plataformaren hitzetan “Soldadutzarekin amaitzea lortu genuen, baina antimilitarismoa zabaltzea izan zen gure garaipenik handiena eta gure helburu nagusia”. Hortaz gain, ejerzito, Nato eta antzeko egituren desagerpena aldarrikatu dute, baita industria militarra zibila bihurtzea eskatu eta “Eusko Labela” duten armak salatu ere. Honen adibidetzat jarri dituzte Sudan eta Ukrainiako gerrak eta herri palestinarra jasaten ari den genozidioa, “Euskal arma-enpresek harremanak dituzte Israelgo industria militar nagusiekin: Rafael, Elbit, Israel Aerospace Industries (IAI). Tokiko heriotza merkatariek lotura handia dute arma programa batzuen baterako fabrikazioan, bereziki aeronautikoak eta misilenak.”

Urteurrena baliatu dute ekintzaren antolatzaileek egungo egoera globalari buruzko zenbait aldarri egiteko. Europako zenbait herrialdeen mandatarien eskaeren aurrean, gastu militarraren aurka, eta nazioarteko harremanen aldaketa sakon baten alde egin dute manifestariek; migrazioa estigmatizatu, xenofobia nultzatu eta desberdintasun sozialak sakontzen dituzten politiken aurka.