Greba egoeran hasi zuten lauhilekoa EHUko irakasle eta ikerlariek. Unibertsitatearen oinarrizko arazoek eta langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizatze geroz eta larriagoak bultzatuta, mobilizazioek aurrera jarraitu dute bigarren lauhileko honetan ere. irakasle eta ikerlarien aldarrikapenek jada izan dute oihartzuna azken hilabeteetan, erantzunik ez ordea. Langileen erosahalmena berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, ordezko irakasleen prekarizazioa amaitzea eta unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea izan dira, gaurko mobilizazioan ere, ikasle eta ikerlarien eskaerak.
EHUko langileek plazaratu dituzten arazoen oinarrian dago unibertsitate publikoaren finantzaketa-arazoa, Eusko Jaurlaritzaren eta EHU-ko errektoretzaren esku dagoen dema. Hau hala, bilera bana egiteko eskaera luzatu zizkieten sindikatuek; Jaurlaritzarengandik oraindik ez dute erantzunik jaso, eta errektoretzak ez ditu sindikatuen baldintzak inolaz ere kontuan hartu; ez dute langileen erosahalmena bermatzeko, 2006tik izoztuta dauden gehigarrien egoera eguneratzeko, ordezko irakasleen egoera hobetzeko, zein sindikatuen beste eskaerarik kontuan hartu.
Ordezko irakasleen egoera
Sindikatuek azpimarratu dute ordezko irakasleek bizi duten egoera bereziki larria dela; klase eta tutoretza orduak baino ez zaizkie ordaintzen, klaseak prestatzeko, formaziorako, irakaskuntzaren kudeaketarako edota ikerketa lanerako erailitako orduen trukean ezer jaso gabe. Horrez gain, lanaren ordutegia dela eta, ordezko irakasleek ezin izaten dute lan kontratua beste jardun batekoarekin osatu, hala, lanpostu horiek hutsik gelditu eta gainerako irakasleen lan eta irakaskuntza-kargak gora egiten dute.
Mobilizaziora deia
Talde sindikalistak, EHUko langileen aldeko mobilizazioek aurrera jarraituko dutela adierazi dute “Errektoretza-taldea eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera murriztaile eta inmobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraituko dugu lan-baldintza egokien eta kalitatezko unibertsitate publikoaren defentsan”. Gaurko ekintzan martxoaren 6an greba egitera deitu dituzte EHUko irakasle eta ikertzaileak, eta martxoaren 12an EHUko langile guztiak sektore publikoan deitutako grebara gehituko direla adierazi dute.