Bizkaiko esku-hartze sozialaren hitzarmen berri bat helburu

uriola.eus 2024ko ots. 28a, 10:32

LAB eta ESK sindikatuek deituta sektoreko langileek mobilizazioa egin zuten atzo Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean, 2021etik faltan duten hitzarmen berria eskatzeko.

Gaur egun lau mila langiletik gora ari dira Bizkaiko esku-hartze sozialaren sektorean lan egiten. Alde horretatik, Gizardatz eta Geroan dira sektoreko patronalak. Bada, LAB eta ESK sindikatuek hitzarmen berriaren negoziazio prozesuan azken horien jarrera salatu zuten atzo Bilbon antolatu zuten manifestazioan. Beste zenbait gauzen artean, patronalak “bideragarritasun ekonomikoari eustea” soilik helburutzat izatea salatu dute, horrek sektoreko elkarte desberdinen zerbitzuen kalitatea galtzea eta lan-baldintzak okertzea eragiten duela azpimarratuz.

Sindikatuek azaldu zutenez, 30 bat erakundek elkarte edo fundaziok osatzen dituzte aipatutako bi patronalak. Bada, diru publiko gehiago lortzeko asmoz lehia-sistema bati eustea leporatu diete mobilizazioko antolatzaileek. Negoziazio prozesuari dagokionez, langileak denbora luze daramate hitzarmen berria lortzeko borrokan. Bi patronalek eta erakunde publikoek helarazi dieten azken proposamenean, ordea, ez da 2022ko KPIaren araberako igoera sartzen, eta hori da, hain zuzen, atzoko mobilizazioarekin salatu nahi izan zuten alderdietako bat. Alegia, bi sindikatuen hitzetan, “sistema bat finkatzea proposatzen dute, non langileek erosteko ahalmena galdu behar duten sistema horrek bideragarritasuna izan dezan”.

Azkenik, argi utzi nahi zuten abenduaren 29an negoziazio mahaian aurkeztu zuten proposamenaren aldekoak izaten jarraitzen dutela, baita elkarrizketarako borondatea izaten jarraitzen dutela ere. Bestalde, zenbait erakunde publikoetako ordezkariek haiekiko erakutsi duten jarrera kritikatu zuten, besteak beste, Amaia Antsustegi Gizarte Ekintza Saileko foru diputatuak edota Juan Ibarretxe Bilboko Gizarte Ekintzako zinegotziak. Horrez gain, ez zuten aipatu gabe utzi nahi izan apirila arteko mobilizazio ziklo bat ireki dutela “langileentzako bidezko hitzarmen bat aldarrikatzeko”.

Hona hemen iragarri dituzten hurrengo mobilizazioak:

- Martxoak 6 asteazkena. Elkarte ezberdinen aurrean elkarretaratzea.

- Martxoak 13 asteazkena. Elkarte ezberdinen aurrean elkarretaratzea.

- Martxoak 20 asteazkena. Ekintza eta elkarretaratze ezberdinak egun osoan zehar.

- Apirilean, ekintza eta elkarretaratze ezberdinak Gose Greba baten inguruan.