Bizikletaren mahaia sortzeko mozioa aurkeztuko du Biziz Bizi plataformak

uriola.eus 2024ko ots. 28a, 11:18

Argazkia: Biziz Bizi

Udaleko sail guztietako teknikariek parte hartzeko sortu nahai du mahaia hiriko txirrindularitza elkarteak.

30 urte daramatza Biziz Bizik Bilbon bizikletaren erabilera sustatzen, mugikortasun eskuragarri, ekitatibo, irisgarri eta jasangarri baten alde. Azkenaldian nazioartean indarrean jartzen ari diren mugikortasun iraunkorraren aldeko neurrien aurrean, Bilboko hirian ere bizikletaren erabilera sustatzeko aukera ikusi du txirrindularitza elkarteak.

1989an aurkeztutako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra seinalatu du elkarteak Bilboren bizikletaren aldeko proposamenaren hazi gisa; lehenengoz HAPO hartan aurkeztu azen ere, planen joan eta etorrian “desitxuratu” egin zen asmo hura. 2007an Bizikletentzako Plan Berezi batera igaro zen proposamena, 5 urtean behin berriztatzeko promesa izan zuena, baina garaiko hirigintza planarekin batera gelditu zen baztertuta. Hamar urte geroago, 2017an Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana sinatu eta onartu zen Bilbon, zeinak banaketa modala eta bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko ikuspegia aurkezten zuen, baina, berriz ere, bizikleta-azpiegiturak ez ziren nahibeste hobetau, eta banaketa modala %0,9 tik %1,2ra igo zen, eta bertan jarraitzen du geldi, %4ko helburutik urrun.

Iraganeko Hirigintza Planekin jarraiki, 2023an Plan Estrategiko baten beharra argi azaldu zen, eta hura prestatzen ari da udala egun. Testuinguru horretan proposatzen du Biziz Bizik bizikletaren erabilerak, mugikortasun Arloan soilik eztabaidatu den gaia, hainbat arloren esku hartzea izan dezan, Bizikletaren mahaiaren bidez. Plataformako kideek azaldu dute lankidetza honen zergatia, “azpiegitura garatzeko, beharrezkoa da Herri Lanak atzean egotea; Bidegorriak seguruak izan daitezen, Mugikortasun Arloa; eskoletan hezkuntza eman dadin, Hezkuntza Arloa, eta aldaketa modalerako pizgarriak egon daitezen, Ogasun Arloa.”

Bizikletaren aldeko apustu sendo bat egin dadin ezarritako planak gauzatzeko borondatea, herritarren parte-hartzea eta egindako neurketen, erabilitako adierazleen eta ezarritako politiken betetze.mailen inguruko gardentasuna funtsezkoak direla azpimarratu du Biziz Bizik, etorkizunera begira eraldaketa eraginkor bat gertatuko bada.