Bi urte bete dira Pablo Gonzalez Yague jatorri errusiarreko kazetari euskalduna Polonian atxilotu zutenetik, espioi errusiarra zela egotzita. Hilak 15ean luzatu zioten zortzigarrenez behin-behineko espetxeratzea, oraindik kargu finko batzuen zain; José Manuel Albares Kanpo Aferen ministro espainiarrak “ahozko epai justu eta publiko bat” egin diezaioten eskatu zuen atzo, azaldu duenez poloniar erakundeekin etengabeko kontaktua du, eta Poloniako Kanpo Aferen ministro den Radoslaw Sikorskiri, Justizia ministroari egoera “behin betiko konpontzeko” eskaera egiteko iradoki dio.
Atzo Nazioarteko eta Europako Kazetarien Federakundeak kazetari euskaldunaren askatasuna aldarrikatu die Poloniar erakundeei, epaiketa justu batean bere burua defendatzeko eskubidea errespetatu dadin eskatuta. Estatu mailako hainbat komunikabideetako langileek ere haien elkartasuna helarazi diote Gonzalezi, EITB Mediako langileek ere, Miramon zein Bilboko egoitzan elkarretaratzeak egin zituzten atzo.
Elkarretaratzera deia bihar
Bihar, martxoak 1, Bilboko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzera dei egin die herritarrei, 18:30etan , Espainiako Gobernuaren Bizkaiko ordezkaritza parean, Plaza eliptikoan, “egoeraren erantzuleak diren Europar Batasuna eta Espainiar Estatua salatu eta Gonzalezen askatasunaren alde mobilizatzeko”