2023an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak ozenki salatu zuen egun Euskal Osasun Sistema Publikoak pairatzen duen egoera larria. Azaroaren 11an EAEko hiriburuetan antolatu ziren manifestazioak izan ziren salaketa honen erpina, zeinetan Mugimendu Feministak ere bat egin zuen, zaintza sektorea handiki feminizatua dagoen lan-alorra baita, sektoreko langileen egoerari ere erantzun bat emateko.
Martxoaren 8a gainean, OPA Herri Plataformak berriz ere osasungintza publikoaren aldeko aldarriak kalera ateratzeko asmoa plazaratu dute. Haien web atarian eskuragarri dagoen manifestuan azaldu dutenez, osasun-sistema publikoa, eta haren gardentasuna eta kudeaketa demokratikoa bermatzeko eredu berri bat sortzea funtsezkoa da; horretarako Lehen Mailako Arreta birsortu, osasun-asistentziako sistemaren oinarri izan dadin, osasun-antolakuntzan autonimia handiagotu, herrietako errealitateak kontuan hartzeko, eta zerbitzuen horniketa ziurtatzeko finantzaketa handitzea izango lirateke giltzarrietako batzuk.
Iazko mobilizazioen harira, Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri hartu zituen, aipagarriena puntako ekipamenduaren erosketarako osasun-gastuaren igoera, besteak beste. OPA plataformaren hitzetan “(osasun-gastuaren) kudeaketa txarra salatzen duen herri-aldarria baretu nahian” hartu dira neurri hauek, eta ez diote mobilizazioen eskariei erantzuna ematen. Lehen Mailako egungo gabeziak arindu ez, Jaurlaritzari “lotura ekonomiko eta pertsonal estua duten enpresa batzuen alde” egitea egotzi dio OPAK.
Mobilizaziora deia
Osasungintza-eredu berri horren aldeko aldarria EAEko hiru hiruburuetako kaleetara eramango ditu OPA Heri Plataformak hilaren 16an, larunbata. Bilbon Bihotz Sakratutik irtengo da manifestazioa, 12:00etan.