Jose Arrueren beiratea Bilboko Arte Ederren museoaren esku

uriola.eus 2024ko mar. 6a, 14:40

Gabriel Aresti euskaltegiak eta Zenbat Gara elkarteak Bilboko Arte Ederren Museoaren esku utzi dute Jose Arrue margolariak 1920ko urteetan egindako beirate polikromoa.

Zenbat Garak burututako dohaintza honekin, beiratea euskaltegiaren baitatik atera eta Bilbotarren esku utzi nahi izan du. Birgaitutako beiratea gaur goizean aurkeztu da prentsa aurrean, Bilboko Arte Ederren museoan. Bertan, Zenbat Garako kideak, Bilboko Jarduneko Alkatea, Bilboko Arte Ederren Museoko arduraduna eta beste hainbat aritu dira.

Ekitaldian, Aritz Estibez, Zenbat Gararen izenean aritu da eta gogora ekarri du Zenbat Gararen sorreratik bertatik euskara eta euskal kulturari ikusgarritasuna eta plaza ematea izan dela elkartearen helburu nagusia. Adierazi du, Zenbat Garak egiten dituen ekimenetan euskara eta euskal kultura Bilbotarren esku jartzea dela xedea eta horregatik gaurkoan, Arte Ederren museoari dohaintzan eskaini zaio Jose Arruek sinatutako beiratea.  

José Arrueren “¡Ené…qué sasqueles…!” (“Ene…zelako saskelak”) goiburuko beirateak, XX.mende hasierako umorezko eszena kostunbrista bat aurkezten du: Itsas motiboz beteriko hondartza batean, bainuzaleei begira ama-alabak izan daitekezkeen baserritar bikotea. Helduak haurra babesteko keinua erakusten du eta itxuraz, “¡Ené…qué sasqueles…!” esaldia irakur daiteke.