José Vicente Pla eta Pedro Pardok Richard Strauss maisu alemaniarraren klarinete eta fagoetarako dueto kontzertinoa interpretatuko dute. Halaber, Bilboko Udal Musika Bandako kide den Rafael Climentek, Dirk Brosséren “War concerto” interpretatuko du.
Izan ere, Richard Strauss eta Dirk Brossé konpositoreak mende oso batek banatzen ditu. Hala ere, musikaren bitartez istorioak irudikatuz eta soinu-postal bihurtzen diren pentagramen bidez bat egiten dute Vienako giroa islatzean.
Euskalduna Jauregiak 25 urte
25 urte pasa dira Sebastian Perez de Palomar Euskaldunako langile ohiak eta orduan 11 urte zituen Ana Orue musika ikasleak xanpain botila bat ontziola zaharreko azken ontziko gilaren kontra puskatu zutenetik. 25 urte Bilboko Biltzar eta Musika Jauregiaren hasieratik. Hori horrela, otsailaren 19an Euskalduna Bilbaok bere 25. Urteurrenaren ospakizunei hasiera eman zien eta ordutik,hainbat kultur eta kongresu jarduera hartu ditu bere baitan.
Martxoaren 7an esaterako, “La música, femenino singular” kontzertua eskainiko dute Esther Yoo biolinistak eta Yue Bao zuzendariak.
Martxoaren 20an, Bilboko Udal Txistulari Bandak “Kolorezko hariak” musika eta txotxongiloen elkar-lana, entzuleak fantasiazko eta irudimenezko mundu batera eramango dituen gaualdia aurkeztuko du.
Martxoaren 23an Jon Maiaren “Kantu bat gara” antologiaren ibilbide arrakastatsua bueltan izango da. Oraingo honetan “Kantu berri bat gara” lan berria aurkeztuko du. Jon Maiaren emanaldia “Loraldi festibala” ekimenaren hamargarren edizioaren parte da, euskal kulturarentzat bultzada izan eta Bilboko erdigunera era guztietako arte emanaldiak hurbiltzeko helburua duen iniziatiba.