Aurreko egunean, lan egiten dudan institutuan ikasle batek bota zidan: “hamar pertsona bagaude eta batek euskaraz ez badaki, logikoa eta errespetuzkoa da gazteleraz hitz egitea”. Hitz-kate horren eta bota duen pertsonaren atzean, banan banan aztertu ezin diren hamaika bizipen zehatz daude: eguneroko elkarrizketak, diskurtsoak, gertaerak, irudiak, bideoak... Eta horietan barna nagusitu den logika bat antzeman daiteke, mundua gobernatzen duen logika indibidualista eta sasi-bakezalea, alegia.
Euskal Herrian (ere) agintzen duen logika horrek berak ezkutatzen ditu bi pertsonaren edo gehiagoren artean dauden botere-harremanak; klaseak, sexu-generoak, jatorriak, azal-koloreak, hizkuntzak eta abarrek eragindakoak. Horrela, denok askeak eta boterez berdinak bagina bezala pentsatzera eraman gaituzte, gure bizipen eta ekintzen kausa zein ondorio sistemikoak ezkutatuz, ikusezin bihurtuz. Nik euskaraz edo gazteleraz egin, zer axola du? Aske naiz nahi dudana egiteko. Gainera, ez dadila inor gaizki sentitu, ez dezagun inor gaizki sentiarazi. Errespeta dezagun dena, bakoitzak egin dezala nahi duena, bakeak asko balio du...
Pentsamolde honek, bistan da, gure arteko egiturazko botere-harremanak ezkutuan uzten ditu eta itxurazko bakea ezartzen du, noski, zapaltzailearen mesedetan eta zapalduaren kaltetan. Aipatutako ikasle horri honela itzuli nion galdera: “Eta hori egiten badugu erdaldun bat dagoen guztietan, zenbatetan ahalko dugu geure hizkuntzan, euskaraz, hitz egin?”. Segundu batzuetako isiltasuna sortu zen eta beste ikasle batek horrela erantzun zidan: “Bai, baina orduan, mundu guztiak euskaraz ikasi beharko luke eta hori lortzea oso zaila da...”. Ttak, hasi ziren maila kolektiboan pentsatzen, baina jakina, egiturazkoa dena aldatzea zaila da, zailegia indibidualismoz inguratuta hazi den norbaitentzako.
Azken urtetan gero eta gehiago, ikasleek euskara eskolarekin eta arauarekin lotzen duten irudipena dut, eta erdara, kontrara, dibertsioarekin eta askatasunarekin. Urte luzetako borrokaren ondorioz euskara neurri (txiki) batean instituzionalizatzea lortu dugun bitartean, diglosia egoera bortitzean jarraitzen dugu, baina gutxi hitz egiten da horri buruz, eskoletan, etxeetan zein kalean. Errealitate gordin hori izkutuan geratu da, indibidualismoaren eta sasi-bakearen araupean. Izan ere, Arestik zion bezala, bakeak euskarari -eta edozein talde zanpaturi- kalte egiten dio.
Errealitateak, sarritan, begiratu hutsarekin ez dira ikusten, baina seinalatuz gero bai. Horregatik, nire ustez, horixe dagokigu orain; hitz gutxitan esanda, nagusitzen den maila instituzionaleko borrokari uko egin gabe, kalea berreskuratu behar dugu; lehenak bigarrena apaltzeko izaten duen joera gaindituz. Eskubide indibidualen lanketatik eta hitz neurtuetatik haratago, herri gisa ditugun ametsez, etsaiez eta askatasun kolektiboetarako bideez hitz egiteko premia dugu. Egunerokoan “normaltasun” gisa bizi ditugun egoerak desnormalizatu eta kaleak astintzeko. Eta kale horietan, behekoen askatasuna nahi duten beste mugimendu batzuekin topo egin eta indarrak batzeko.
Bizitza, hizkuntzak, herriak eta errentagarri ez zaion guztia suntsitzen dituen sistema honen eta bera iraunarazten duten Estatuen aurrean, gure artean bereizi eta isolatzen gaituztenen aurrean, itxaropena kendu nahi digutenen aurrean... komunitatea lantzea da mugimendu askatzaile guztion premia bizia. Horretarako, kontzientzia hartu, elkartu, konplexu zahar berriak gainetik kendu, taldean pentsatu eta ekin behar dugu. Tokian toki, ahal den eremu guztietan erein, borrokak piztu, eragin. Bakarrik ezin dugu, lagunekin bai.
Astindu berri bat behar du gure hizkuntzak eta komunitateak. Apirilaren 22tik 28ra izanen dugun Euskaldunon Harrotze Asteak horretarako aukera bat eskainiko digu, inflexio puntu bat, elkar motibatu eta ahalduntzeko. Kolektiboki harrotzeko ariketa bat izanen da, parte hartu nahi duten euskaltzale guztiei irekia.
Gure institutuko ikasleek, beste guztiok bezala, egoeraren kontziente izateko eta askatzailea den komunitate baten parte aktibo izateko eskubidea dutelako, eman diezaiogun euskarari kalea!