Rekalde aretoan bildu dira Anje Duhalde eta Mixel Ducau, duela 50 urte Euskal Herriko rock-aren aitzindari bihurtu zituen Errobi taldearen urteurrenaren harira. Mende erdi igaro da Duhalde eta Ducauk disko denda batean topo egin, eta musikarekiko zuten grinak bultzatuta Errobi sortu zutenetik; ondoren iritsi diren hainbeste eta hainbeste talderi ireki zizkieten ateak, haien folk eta rock fusio progresibo eta abesti iraultzaile eta gogoangarriekin.
Urteurren borobil hau ospatzeko, Euskalduna Jauregian kontzertu bat eskeiniko du bikoteak, musikari ezagunez inguratuta; Txomin Duhalde, Anjeren semea baterian, Rémi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan izango dira kontzrtu honetan, 1985an agur esan zutenetik lehena, Errobi izenpean. “Atzar Hadi”, Xabier Pery musikariak sortutako proiektua izan da kontzertu hau emateko ideia mahai gainean jarri zuena. “Omenaldiak gustoko ditut, baina ez hemen nagoen bitartean” esan du Duhaldek ironiaz; “Atzar Hadi” bikoteari aurretiaz ezer esan gabe eratu zela azaldu dute, nahiz eta segidan parte hartzera gonbidatu zituzten, hala ere nahiago izan dute Xabier Pery eta lagunen proiektuari esku-hartzerik gabe aurrera egiten uztea. Zaleen gosea argi gelditu da “Hatzar Hadi”-ren harrerarekin, eta, hala, Errobi taldearen sortzaile biek berriz ere bat egiteko erabakia hartu dute, momentuz, kontzertu bakar baterako, hala ere etorkizunean ez diote kontzertu gehiago egiteko aukerari muzin egiten, “Bilbokoan fokatuta gaude momentuz, baina atea irekita dago”.
Maiatzaren 4an izango da kontzertua, Euskalduna Jauregian. Sarrerak 12:00etan jarri dira salgai, 30€-tan, 35€-tan Euskaldunan bertan, aldez aurretik guztiak salduko ez balira.