Enpresa lekualdatzea arrazoituta, 148 langileren postuak kolokan uzti ditu Urdulizko Mecaner lantegia ixteko erabakiak. Stellantis, enpresaren jabeak muzin egin die lantokiaren etorkizunari buruzko negozioei. Mecaner-en enpresa-batzordeak atzo egin zuen bilera Stellantisekin, eta agerraldia egin dute langileen egoeraren datorren “fase erabakigarriari begira”.
“Atera dugun lehen ondorioa da Stellantisek ez duela Mecaner-en etorkizunaz eta 148 langileez hitz egiteko ez proposamenik ez borondaterik”, azaldu du enpresa-batzordeak. Sindikatuak hilabeteak daramatzate Mecaner-en industria-jarduerak aurrera egin dezan eta 148 langileen bizi-egoerak bermatu daitezen negoziaketan, haien esanetan, Mecaner-ek bideragarri izaten jarraitzen duelako. Enpresa jabeak ordea, bideragarritasun eza eta merkatuan dagoen errentagarritasun txikiaz justifikatzen du lantokiaren itxiera, Europako eta merkatuen leihakortasuna argudio. Langileen bozeramaileek argi dituzte itxieraren benetako arrazoiak, “Carlos Tavares etaPSAren plan estrategikoak argiak dira; ez dute zerikusirik Mecaner-en produktibitatearekin, lehiakortasunarekin edo errentagarritasunarekin, baizik eta irabaziak ahalik eta gehien optimizatzeko erabakiarekin, produkzioa planetako beste puntu batera eramanez”.
Stellantisen errentagarritasunaren jaitsiera du argudio, hala ere, sindikatuek plazaratu dutenez, 2023an %18 handitu zen enpresa jabeak Espainian izan zuen auto-ekoizpena, eta guztiz elektrikoak diren autoen %90a ekoitzi zituzten, enpresa etorkizunera begira “ondo kokatuta” dagoelaren seinale izan beharko litzatekeena. Stellantisen irabaziek ere gorako joera izan zuten, %26ko igoerarekin.
Mecaner-en jabeek lantokiko langileriaren etorkizunari buruz hitz egiteko eta konponbideak aurkezteko borondate ezak, greba orokorra egitera bultzatu ditu langileak “Stellantisi eta Eusko Jaurlaritzari Mecanerrentzako alternatibak bilatzeko exijitzeko, bai eta lantegia itxiera sahiesteko indarrak batzekoa ere.” Langileen etorkizuna bermatzeko ekintzan jarraituko dutela argi utzi du enpresa batzordeak.