Komunitatea

Hiriko istorio tristea; osasuna eta boterea aurrez aurre

uriola.eus 2024ko mar. 22a, 11:07

Bilboko hiri-historia triste baten irakurketaren aurrean zaude. Bizitza errealeko gertaeretan oinarritutako istorioa. Triangelu isoszele batean oinarrituta dago, eta honako hauek ditu protagonista: alde batetik, Sader eta Profersa, potentzial kutsakor handia duten bi enpresa, bata hondakin oso arriskutsuak kudeatzen dituena eta bestea ongarri kimikoak sortzen dituena; bestetik, EAJren eta PSEren Udal Gobernua, kontuan izanik gobernu horrentzat enpresa horiek kanporatzea ez dela lehentasun politikoa, eta horietaz aparte, Zorrotza, Olabeaga, Basurtu, Deustuko Erribera, San Inazio eta Sarriko auzoetako milaka bizilagunak; izan ere, 37 urte baino gehiago daramatzate azkurak eta usain nazkagarriak jasaten eta enpresa horiek Bilboko hirigunetik ateratzea eskatzen.

Bitartean, ia berrogei urtetan aitzakia desberdinak erabili dituzte hainbat udal-gobernuk. Zerrenda luzea da: atzerapenak Gobernu Zentralaren menpe dagoen RENFE lurperatzearen ondoriozkoak direla; jarduteko, lehenik eta behin, Punta Zorrotzako Plan Berezia onartu behar dela eta horrek denbora behar duela; enpresa gogaikarriak direla, baina ez kutsatzaileak, eta abar. Aitzakia gehiegi eta konponbiderik ez. Gobernu on batek egin beharko lukeen gutxienekoa enpresa horiek prebenitzea eta kontrolatzea da, gure osasun publikoa zaindu nahi izanez gero.

Krisien prebentzioaren ikuspegitik, batez ere hondakin arriskutsuen tratamenduaz ari garenean, duela 4 urte, gure udal taldeak Larrialdi Plana eguneratzea eskatu genuen, SADER S.A. enpresa arrisku handiko gune berezi gisa hartzeko. Gure proposamena atzera bota zuen gobernuak. Zaldibarko zabortegiaren erorketak eragindako ingurumen eta giza hondamendiak ere, hilabete lehenago gertatu zenak, ez zuen gobernua bultzatu prebentzioa indartzeko hiriguneen barruan jarduten duten enpresa arriskutsu horiekin.

Hala ere, emisioen kontrolaren eta airearen kalitatearen ikuspegitik, eta hauteskunde-testuinguruak gure alde zer neurritan jo duen jakin gabe, zerbait aurreratu ahal izan dugu. Izan ere, Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloarekin negoziazio handia egin ondoren, otsaileko osoko bilkuran konpromiso bikoitza lortu genuen: Zorrotzako Azokako Parkean dagoen airearen kalitate-neurgailua aktibatzea, zeina ia urtebete baizeraman zerbitzutik kanpo; eta, bigarrenik, Eusko Jaurlaritzari berriro eskatzea airearen kalitatea neurtzeko bi unitate mugikor presaz instalatzeko. Zehazki, Elorrieta-San Inaziokoa, Eusko Jaurlaritzak 2010ean kendu zuena, eta Zorrotzakoa, Sader eta Profersaren ondoan zegoena, duela ia urtebete sabotatu zutena.

Saderrek eta Profersak itxura batean duten boterea dela eta, ez gara harritzen gaur egun airearen kalitate-neurgailu bakar bat ere ez egoteagatik bere ingurune hurbilean, baina oso larria iruditzen zaigu Udala gehiago ez tematzea enpresa horien inguruko auzoetan airearen kalitate-neurgailuen sare bat edukitzeko premia dela eta. Osasun publikoaz ari gara.

Izan ere, ez dakigu egungo hauteskunde-testuinguruak gure alde egin duen, baina badakigu Elkarrekin Bilbotik eten gabe jarraituko dugula airearen kalitatearen hiru neurgailu horiek martxan egon arte, egunero, orduro eta minuturo kontrolatuz Sader eta Profersaren emisioak. Era berean, enpresa mota horiek hiriguneetatik gertu ez instalatzeko beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Izan ere, enpresa-talde batzuek botere handia izan arren, auzoetako osasun publikoarekin ez da jokatzen, ezta negoziatzen ere.