Aurten ere abian da Villasound txapelketa, Euskal Herriko talde eta bakarlariak sustatzen laguntzeko eta ikusgarritasuna emateko programa. 16 eta 35 urte bitarteko kidez osatutako 156 talde eta bakarlarik eman dute izena aurtengo IV. edizioan; 12 izan dira hautatuak, 9 proiektu bizkaitar eta 3 gipuzkoar.
Hamabi proiektu hauetako lagunek prestakuntza eta mentoretza espezializatua jasoko dute, haien jarduna profezionalizatzera zuzenduta; eta irabazleek estatu mailako lau hirietatik igaroko den bira bat egingo dute, Son Estrella Galicioa zikloaren eta aretoen barruan. Beste hainbat eragileren eskutik ere kontzertuak emateko aukerak izango dituzte, Musika Bulegoa, Aste Nagusia, BIME live edo Bilbao Basketen eskutik, besteak beste, eta haien lana bultzatzeko beste zenbait erreztasun ere izango dituzte.
Hautatutako 12 proiektuen inguruko datu batzuk zerrendatzeko: 36 partaideetatik 9 dira emakumeak; hizkuntza aldetik gaztelera nagusi, hitzen %45arekin, euskara ondoren %36arekin eta, azkenik, ingelera %20arekin. Taldekideen adinaren bataz bestekoa 27 urtekoa izango da, musikaren mitologiaren zaleentzat zenbaki borobila.
Nor eta noiz entzungai?
Apirileko eguenetan 12 proiektuen proposamenak entzun ahalko dira, 20:00etatik aurrera eta doainik, Bilborock aretoan. Apirilak 4an Gydeon, Kalipotxo eta Krivex bizkaitarrak izango dira entzungai, hilak 11an Badmintones gipuzkoarrak eta Mikosis eta S.A.D (Sistemak Arriskutsuak Dira) bizkaitarrak, Irati Reich eta Markos Garcia bizkaitarrak eta Xabier Badiola gipuzkoarra hilak 18an, eta amaitzeko, apirilak 25ean, Latido gipuzkoarrak eta Net Bby eta Rally 48 bizkaitarrak. Emanaldien ostean, maiatzaren 4an, Bilborocken bertan hautatuko ditu epaimahaiak zein taldek egingo duen estatu mailako bira, eta nori banatuko zaizkion gainerako sariak.