Zabalik Leioa eta Erandio arteko Itsasadarreko Bulebarraren lehen zatia

uriola.eus 2024ko mar. 26a, 12:20
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Lamiako eta Altzaga auzoak lotzen ditu lehen zati honek; Erandiotik Bilborako zatia 2025eko maiatzean bukatuko da.

Bederatzi hilabete eta 9,9 milioi euroko inbertsioaren ondoren, gaur zabaldu da Itsasadarreko Bulebarraren lehenengo zatia, Lamiako eta Altzaga auzoak lotzen dituen 3 kilometroko bidea. Bizkaiko Foru Aldundiak 6,5 kilometroko bulebarra datorren urteko maiatzerako bukatuko dela adierazi du, haren bigarren zatia, Erandio eta Bilboren artekoa, amaitzen dutenean.

Proiektu honen helburua itsasadarraren ondoan dijoan BI-711 errepidea oinezko eta txirrindularientzat bulebar bihurtzea da, Getxo eta Bilbo arteko bidea egin dezaten. Etorkizunean eraikiko den “All Iron” zubiaren bidez bulebarra Ezkerraldera ere iritsiko da, hala Bilbo inguruko guneetara bizikletaz iristea ahalbidetzeko asmoarekin.

Bulebarrak oinezkoentzako 3 metroko pasealekua du itsasadarretik gertuen dagoen tartean, eta, alboan, txirrindularientzat bi noranzko eta lau metroko zabaleradun bizikleta-bidea. Itsasadar ondoko eraikinen espaloiaren zabalera erregularizatu eta gutxieneko hiru metrotara zabaldu ostean, motordun ibilgailuek 6,8 metroko tartea izango dute galtzadan.