“Bakearen Artisauak” izenez ezagutzen diren Béatrice Molle-Haran eta Joan Noel “Txetx” Etcheverry epaituak izango dira gaur eta bihar artean Parisan; Frantziar Estatuak 10 urteko kartzela zigorra eta 100.000 eurorainoko isunak egozten dizkie. 2016ko abenduan izan ziren atxilotuak Luhuson, Lapurdin, Stéphane “Etxe” Etchegaray, Mixel Berhokoirigoin eta Mixel Bergougnanekin batera, ETAren armategia suntsitzeko ahaleginetan ari zirela. Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak Stéphane Etchegarayren kasua baztertu zuen, eta 2016an atxilotuak izan zirenetik, azken bi kideak zendu dira, hala, Txetx Etcheverry eta Béatrice Mollen-Haran soilik izango dira epaituak bi egun hauetan.
Epai “anakronikoa”
2016ko abenduaren 16an abiatu zuen operazioa Guardia Zibilak, Frantziar poliziarekin batera, bost akusatuak ETAren armamentua suntsitzeko ahaleginetan zeudela, ETAren arma-uztea eta bost urte geroago. Luhusoko baserrian ETArekin izan zituzten harremanak eta bertan aurkitu zituzten arma eta munizioak baliatu zituen Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak bost kideak atxilotzeko, armak eduki, garraiatu eta ETArekin lotura izatea leporatuta. Txetx Etcheverry era Beatrice Mollek aurretiaz azaldu dute epaiketan haien ekintzak onartuko dituztela, eta berriz egin ahal izatekotan modu berean jokatuko zutela, ETAren arma-uztea ahalik eta azkarren burutu eta Euskal Herriko gatazkari lehenbailehen amaiera bat ematea izan baitzen haien helburua. Haien iritziz, “absoluzioa litzateke ebazpen judizial onargarri bakarra”, haien ekintzak zigortzea armagabetzeko prozesu zibil bat terrorismo gisa sailkatzea litzatekeelako.
Etcheverry eta Mollen defentsarako bigarren argudioa, haien atxiloketatik gutxira, 2017ko apirilaren 8an, beste armagabetze prozesu bat burutu zela da; kasu honetan nazioarteko egiaztapenarekin, zeinetan Etcheverry berak azaldu duen birritan garraiatu zituela armak, “betiere frantziar agintarien oniritziarekin”.
ETAren desagerpenetik sei urtera, kritika gogorrak jaso zituen “Bakearen Artisauen” atxiloketak PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik; Jaurlaritzak bereziki azpimarratu zuen bere garaian ETAren arma-uztearen aldeko edozein ekimen positiboki baloratu beharko litzatekeela. Mugaz gain, beste hainbat erakunde eta kargu publikok ere atxiloketaren aurkako iritziak plazaratu zituzten, eta bost atxilotuen askapenaren aldeko manifestazio jendetsu bat egin zen Baionan.
Mobilizaziora deialdia zazpi probintzietan
Sare plataformak Euskal Herri osoko herritarrei dei egin die bihar, zazpi probintzietako hiruburuetan antolatu diren elkarretaratzeetan parte har dezaten. Bilbon 12:00etan ospatuko da Udaletxe parean.