Markos Gimenoren “101 Letrakartel” liburua aurkeztuko du Sarrionandiak

uriola.eus 2024ko api. 15a, 14:12

Argazkia: "Leer es iracurrar" (Kulturaz)

Hilak 25ean ermuarraren palindromo eta hitz jokoak biltzen dituen kartel bilduma aurkeztuko da Kaldarapekon.

Ia sei urte igaro dira Markos Gimeno musikari, aktore, idazle, hitz-jostari eta sortzaile polifazetikoa zendu zenetik. Umore eta ironiaz blai, euskaraz eta gazteleraz sortzen zituen palindromo eta hitz-jolasak; hitzak bere soiltasunean hartu, eta, hazi bat bailira, itxuraz aise ernaltzen zitzaizkion paperean atzekoz aurrera eta aurretik atzera irakur zitezkeen korapilo eta txirikorda linguistikoak. Hizkuntzen arteko zedarra ere ez zen nahikoa Markos Gimenoren sormena mugatzeko: hizkuntza bata bestearekin lotzen zituen, euskarazko idatzi batean gaztelerazko mezuak aurki zitezkeen ezkutuan,… Lerro artean eta lerroetan beretan ere, sorpresak nonahi.

P.A.M. (Puto Amoak Matematiketan) taldeko baxujole eta letragile lanetan ere trebatu zen hitzak, zeinuak eta esanahaiak bihurritu eta musikatzen. Alor askotan aritu zen izan ere Markos haren bizitzan zehar; aktore lanetan ere ibilia zen, “Hipo y Kondrias” eta “Macho-maris” bikote artistikoak osatu zituen Juanma Rodriguezekin batera, eta “SkizopozikS” bakarkako emanaldi “hitzperimentala” jorratzen ari zen haren heriotza aurretiko azken garaian. Bipolartasun gaixotasunak zeharkatzen zuen Markos Gimenoren bizitza. Depresio sakonenetik euforia eta sormen gorenerainoko tarteak izaten zituen. 2018ko abenduan bere buruaz beste egin zuen Eibarren.

Ingurukoen harridura eta gogoeta eragile bizian, zendu zenetik haren lanaren aitortza egin dute zenbait lagun eta artistek. 2019an Goya Sarietan aipamena egin zioten, haren heriotzatik 404 egun igarota “404 días sin Markos Gimeno Vesga” omenaldi ekitaldia egin zioten, 2020 haren ordenagailuko material argitaragabea sailkatu eta ikus-entzunezko lan bat sortu zuen harekin harreman estua izan zuen jendeak, eta pasa den urteko azarotik martxora arte “Markos Gimenoren Kartelak” erakusketa izan da ikusgai Gernikan.

Gimenoren hitz-jolasak eta hainbat artisten ilustrazioak uztartzen zituen erakusketa honek, eta, horren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak “101 letrakartel” liburua plazaratu du. Joseba Sarrionandiak glosatutako ehundik gora irudik, egile erreal eta fikziozkoen, eta, noski, Markos Gimenoren idatziek osatzen dute lana. “Markos Gimeno ezagunagoa izateko garaia da.” dio Sarrionandiak, “Bere bizitzak eta lanak denoi era askotako arloetan interpelatzen gaituela alde batera utzita, kartel palindromiko bakoitzak ezusteko linguistiko bat eta adimen joko bat proposatzen dizkigu. Eta, zalantzarik gabe, euskal komunitate duin, alai eta sortzaileago baten parte sentiarazten gaitu”.

Aurkezpena Bilbon

Hilaren 25ean Kaldarapekon aurkeztuko du Sarrionandiak Markon Gimenoren “101 letrakartel” liburua, Kaldarapekon, 19:30etan; Juanmi Bravo P.A.M-eko baterijolea eta Joseba Sarrionandia bera solaskide.