ARGIAk abian jarri du euskara ikasten ari direnentzat aldizkaria doainik eskaintzeko kanpaina. Korrikak bultzatuta, aldizkariarentzat gastu ekonomikoa bada ere, herritarren euskalduntze eta alfabetatzearen aldeko autua hartu du ARGIAk, “halako bultzadak ematea merezi duela uste dugulako”.
Kanpaina erantzun positiboa ari da izaten; astebeteko epean Euskal herri osoko 84 lagunek eman dute izena: Gipuzkoako 27 eskaera iritsi zaizkie, bizkaitik 24, Nafarroatik 10, Ipar Euskal Herritik 9 eta Arabatik 8. Madril eta Bartzelonan euskara ikasten ari diren zenbait lagunek ere egin dute eskaera. ARGIAk azaldu duenez, euskarak jasaten dituen eraso eta zapalkuntzen eraginez, erdara hegemoniko bihurrarazi duten eremuetako herrietan ere animatu da jendea, “euskararentzako leiho bat irekiko diegu ikasle horiei”.
Aldizkariak azaldu duenez, badakite euskara ikasteak “konpromiso politikoa, militantzia eta burugogorkeria” eskatzen duela maiz, administrazioak sarritan trabak jartzen baitizkie herritarrei, erraztasunak eta doako baliabideak beharrean; “are gehiago haizea kontra duten lekuetan”. Korrikak euskararen erabilerari eta hiztun berriei urreratzeko ekimenei eman dien bultzada baliatuta, ARGIAk ere bat egin du euskara ikasi eta egunerokoan erabiltzea apur bat errezagoa izan dadin.
Informazio gehiago eta izen-ematea esteka honetan eskuragarri.