Plaza Eliptikotik Arriagaraino iritsi dira zerbitzu publikoen aldeko aldarriak gaur goizean, LAB sindikatuaren deialdiria bat egin duten kideen pankarta eta afixetan argi. Udazkenean hasi zuen borrokaldia LABek, ordutik hona beste sindikatuek bat egin dute politika publikoen aldeko mobilizazioetan: hiru greba eta hainbat mobilizazio egin dira EAEn, Greba Feminista Orokorraz gain, zeinetan zerbitzu publikoen aitortza sendoa egin zen, beste aldarri batzuen artean. Gaurkoan ere, “aldarrikapenen funtsak bere horretan dirauela eta, (…) kalera ateratzeko jautua egin du LABk”.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak gogor salatu du Eusko Jaurlaritzak haien eskarien aurrean izan duen jarrera. Mobilizatzeko arrazoi nahikorik ez zegoela argudiatuta, orain arte egin diren grebak bertan behera uzten saiatu direla plazaratu du Arroyok. Zerbitzu publikoak baztertu izan dituzten bitartean, hauteskunde kanpainan gai nagusietako bat bilakatu duela azaldu du koordinatzaileak, “orain arte arazoa ukatu duten EAJ eta PSE ere hasi dira kezka adierazten”.
Arroyok langile publikoen zein zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen arrazoiak mobilizazioak sobera justifikatzen dituztela onartzea eta dagokien erantzukizun politikoak heltzea eskatu die EAJ eta PSEri, pribatizazio eta murrizketa politikoek eragin baitu zerbitzu publikoen gainbehera. Egoera honen konponbidearen mugarria hurrengo legegintzaldia izan daitekeela azpimarratu du Arroyok, eta Euskal Herrian inposaketarik gabe erabakitzea, zerbitzu publikoak indartu eta guztiz publifikatzea, eta azpikontratatutako langileekin akordioak bilatzea zerrendatu ditu, giltzarri bezela. Sindikatuaren hitzetan, “Euskal Herrian badira baldintzak gure zerbitzu publikoak eta bertako langileon baldintzak guk geuk erabakitzeko, eta horren alde gogor borrokatu beharra dago, eredu neoliberalari aurre egin eta politika publikoak eraldatzeko”.