Hilak 4an 30 gazte senegaldar baino gehiagok Ledesma kalean jasan zuten poliziaren jazarpen neurrigabearen harira, zeinetan 10 patruila auto eta 80 polizia inguru mobilizatu ziren, Mbolo Bizkaiko manteroen elkarteak elkarretaratzera deia egin zuen atzo. Manteroek egunerokotasunean pairatzen dituzten poliziaren ekintzak direnak direla, jazoera honek bereziki astindu zituen bai manteroen kolektiboa, herritarrak, zein Bizkaia eta Euskal Herriko gizarte-eragileak; egunean grabatutako bideo eta irudiek, haien bortizkeriagatik izan zuten zabalkuntza biralak eragin handia izan du manteroen egoeraren kontzientzia zabaltzeko orduan.
Manteroen erakundeak publikoki salatu du haien lankideek hilak 4ean, eta egunez-egun jasaten duten indarkeria poliziala eta erakundeek betikotzen duten arrazismoa, zeina, haien hitzetan, azkenaldian areagotzen ari den “hau ez da kasu bakan bat, jazarpen- eta zapalkuntza- praktika batzuen erakusle baizik (…) azken aldian egoera larriagotzen dabil, eta festa- eta kirol-ekitaldiek dakartzaten turista gorakadekin bereziki biziagotzen da”. Hontaz gain, gertaera hauen atzean gizarte- eta polizia-eredu berri baten aldeko nahi politikoa dagoela azaldu du plataformak, zeinak poliziaren bortxazko ekintzak sustatu eta pertsona arrazializatuak kriminalizatzen dituen, “badirudi poliziaren lana jende txiro eta dokumentazio gabekoa jazartzea dela, salgai berberak arazo gabe mugaz gainditu eta saltzen dituzten enpresario handiak baino”.
Poliziaren ekintzak salatzeaz gain, Atzerritarren Legearen kontra ere egin du Mbolo Moye Doolek, zeinaren bitartez, instituzioek arrazismoa baliatu eta betikotzen duten, atzerritarrei errolda eta etxebizitza bezalako gizarte-baliabideak mugatuta. Mame Mbay, 2018an Madrilgo Lavapies auzoan poliziagandik ihes zebilela hil zen manteroa gogora ekarri du Mbolo plataformak haren lankideek jasaten dituzten etengabeko sarekadak salatzeko; egoera zaurgarrian bizi direnen kriminalizazio eta jazarpenak eragin oso agerikoak izan ditzake, eta halako kasuek izaten duten jarraipen mediatikoa izaten da maiz, norbanako hauen egoera argitara eramaten duena.