Gure herri eta auzoetan euskaraz bizi nahi dugula argi dugun bezala, argi dugu euskara Sarean egotea ezinbestekoa dela, esparru guztietan euskaraz bizi nahi badugu. Izan ere, Sarea aspaldi bihurtu zen gure bizitzako espazio natural. Gaur egun, Sarean egin dezakegu bestelako lekuetan egiten dugun guztia: ikasi, lan egin, erosi, lagunekin hitz egin, mota guztietako harremanak sortu, jolastu, filmak ikusi…
Askotan aipatu izan da Sareak, eta, bereziki, sare sozialek hizkuntza handien hegemonia indartzen duela. Horren harira, badakigu Euskal Herriko gazteen erreferenteak batik bat erdaldunak direla eta, askotan, sare sozialetan areagotzen dela arazo hori. Horregatik, beharrezkoa da Sarean ere euskararen presentzia bermatzea eta euskal edukiak sortu, sustatu eta kontsumitzea.
Argi dago, gainera, euskal jendartean gertatzen den orok duela islada Sarean, baita alderantzizkoa ere. Azken finean, bata bestearen isla dira, eta gaur egungo errealitatea ezin da ulertu bi espazio horien, digitala eta fisikoaren, elkarreragina kontuan hartu gabe. Hortaz, borroka edozein dela ere, Sarean eragin behar dugu, jendartea eraldatuko badugu. Bestela esanda, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi badugu, Sarean ere euskaraz bizi beharko dugu.
Mundu digitalak aukera berri anitz ekar diezazkiguke, eta gure eginkizuna da horiek geureganatzea, besteak beste, euskararen erabilera sustatzeko. Gainera, Euskal Herria estaturik gabeko nazioa izanik, Internetek gune aske bat eskaintzen digu, non gure identitatea eta hizkuntza aldarrika ditzakegun; hau da, Interneten topa ditzakegu euskaraz bizitzeko espazio berriak, mugen gainetik Euskal Herri osoa batzeko gauza direnak.
Probestu ditzagun, beraz, aukera horiek elkarrekin euskal komunitatea eraikitzeko. Eduki sortzaileok, ikus-entzule eta erabiltzaileok, eta, azken finean, euskaltzale orok osatuko dugun komunitatea. Horrek indartuko du euskararen identitatea eta lagunduko digu gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean.
Eduki sortzaileok eremu digitaleko euskalgintzari ekarpena egiten diogu, edukiak sortuz eta espazio berrietara hedatuz. Euskara erdigunean duten proiektuak sortu dira, inork ezer esan gabe antolatu eta martxan jarri gara, eta euskaraz bizitzeko apostua egin dugu. Euskaratik eta euskaraz sortzen dugu, gu ere bagara euskalgintzaren subjektu aktibo, eta badugu zer esan.
Argi eta garbi esango dugu: Euskal Herria euskalduna izatekotan, euskarak Sarean egon behar du. Hortaz, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen ikusgarritasuna bermatzea, bai eta komunitatea bera kontuan hartzea eta harekin batera elkarlanean aritzea ere. Era berean, guk konpromiso sendoa adierazten dugu euskara eta Euskal Herria ardatz izaten jarduteko: izan edukia sortu, zein komunitatea eraikitzen jarraitzeko.
Interneteko plaza digitalean euskaraz bizi nahi dugu, baita geure herrietako plazetan ere. Hemendik dei egiten dizuegu, euskaltzale orori, Sarean ere euskaraz bizitzeko, euskarazko edukiak sortuz, sustatuz, kontsumituz eta euskal komunitatearen parte izanez.
Sinatzaileak (hurrenkera alfabetikoan eta zerrenda luzatzen doa unetik-unera):
- Ainara Lasa Perez @ainariss
- Aiora Mujika San Sebastian @probatxoa
- Alfontso Vila @alfontso_sax
- Amets Pérez Garcia @ametsiiin (TikTok)
- Ana Sarria Muxika @pentsaerak.podcast
- Ander Torregaray @espidermander
- Andrea Gonzalez Valle @andrgzv
- Asier Errasti @asiererrasti
- Athenea Mendia @Athe2403 (Twitch)
- Eder Etxebarria @ederto87 (peertube.eus)
- Eider Zabalegi @gamelusaioa (youtune, peertube) @il4rgi (youtube, twitch)
- Elene Mendizabal Hernández @elemelonsv
- Eneko Oroz Ormazabal, @ekintaekin
- Gaizka Izagirre Brosa @GaizkaIzagirre (Instagram, TikTok, Twitter)
- Game Erauntsia Elkartea @gamerauntsia
- Gorka Santesteban @kultur_ zast
- Haritz Odriozola Olalde @HaOdriozola @TheProdigyEH
- Iban Bilbao Barturen @zital
- Iker Dominguez Gallego @rekisab (TikTok, Twitter, Instagram) @rekitarrak ( Youtube eta Twitch)
- Iruñe Astitz Larunbe, @arkkuso (Youtube, Twitter, Instagram, Twitch, TikTok eta Mastodon)
- Iñaki Alegria @inakialegria@mastodon.eus
- Jokin Pedreño Alcolea, @Jokin_PA (TikTok, Twitch, Youtube, Twitter, Instagram)
- Jon Peli Etxeberria Darraidou @JonPeliEtxDar
- Julen Portillo @julenpo (Instagram), @julenportillo (Tiktok)Tiktok)
- Lander Bilbao Basarrate @lastotxapelblog (Twitter) @lastotxapel (Twitch eta Youtube)
- Lander Unzueta @Lanunzu
- Luma Otaño @luma.ov
- Mikel Iriarte @joxemiel
- Maddi Etxeberria Otaegi @begaonegin (Instagram, TikTok)
- Maddi Kintana, @ladymadimort (tiktok)
- Maketo Irratia @maketoirratia (twitch, youtube, twitter, instragram, tiktok, spotify, ivoox)
- Marian Antoñana Abalos @marianatonnana
- Marina Garcia @bioKasle
- Sergio @tfe
- Tasio Sudupe @tasiosudupe (Youtube, Peertube, Mastodon, Twitch)
- Tibalt Alberdi Osa @gitarraeuskaraz (instagram eta youtube) @pubguitarraeus (twitter) @pubguitar (twitch)
- Xabi Linazasoro @Trikuxabi