Abenduak 20rako kontzerturako sarrerak lortu nahian zebiltzan dozenaka pertsonen txioekin gosaldu dute batzuek gaur goizean. BERRIAlagunek aurresalmentan 5 sarrera lortzeko aukera izan dute 9:00ak eta 10:00ak bitartean, baina muguruzafm.eus web orriak ezin izan dio zale saldo geldiezinari eutsi; zorte oneko bakan batzuek ordea (8000 lagunentzako tokia izango dela aurreikusten da) Bilbo Arenan ospatuko den kontzertu errepikaezina bizitzeko aukera izango dute: 10 urtez taula gainera igo gabe egon ostean, haren ibilbide osoa laburbilduko du Muguruzak Bilbon.
Asteburuan eman zuen kontzertuaren berri abeslariak, haren 61. urtebetetze egunaz baliatuta. Sare sozialen bitartez partekatu zuen bideo labur batean, bere ibilbidean zehar jaso izan dituen erasoak bildu zituen, Itziar Ituñok ematen dio hasiera “teaserrari”, Muguruzaren defentsan sari banaketa batean Sarri Sarri abesten; 2003an Egunkariaren aurkako polizia operazioa salatzean jasan zuen txistukada, eta urtez urte hainbat egunkarik hari buruz idatzitako titularrak ere erakusten ditu bideo laburrak, eta amaieran, zaleen gozamenerako, “4 hamarkadaz zentsurari aurre egiten 40 urteko bizi-ibilbide musikalari ospakizuna” leloa ikusgai. Lau hamarkadaren ostean ere, militantzia bor-bor muguruzaren zainetan.
Zita berezi eta bakarra izango da Bilbo Arenakoa Fermin Muguruzaren hitzetan,“Eszenatokira igo nintzen azken aldia Iñigo anaiaren omenez izan zen, eta espero dut kontzertu hau berezia izatea datozenentzat. Gutako askori eta herrialde honetako iruditeria kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratuko ditugu”. Zaleak gogotsu daudela argi gelditu da goizeko aurresalmentan; muguruzafm.eus atariak aldi berean 70.000 eskaera jaso dituela dioen mezua ageri da lehengo edukiaren tokian, “Eskarien uholde honek erabat txunditu gaitu (…) sistema moldatzen ari gara eskaerari aurre egiteko. Adi seinaleari eta barkatu eragozpenak”. Herriak inoiz baino gehiago behar al du Muguruza?