Bihar, hilak 24, Bidebarrieta Kulturguneak “Senegal: demokrazia bat bidegurutzean” izeneko hitzaldia eskeiniko du, “Gaurkotasun topaketak” ekimenaren barnean. Dani Alvarez eta Mikel Reparaz EITB taldeko kazetariak moderatzaile lanetan, Mbaye Gil ekintzaile senegaldarrak eta Oskar Epelde kazetariak hartuko dute parte hitzaldietan.
Interes handiko gaia da Bidebarrieta Kulturguneak biharko hitzaldirako proposatzen duena, izan ere, Bilbora migratzen duen Saharaz hegoaldeko kideen ehuneko nagusia Senegaldarrak dira, zeintzuetako askok pasa den martxoaren 24ko hauteskundeetan parte hartu zuten. Indarkeria eta istilu handiak izan dira Senegalgo azken hauteskunde honetan, zeina Afrikako demokraziaren egonkorrena den ustez. Bassirou Diomaye Fayek hartu zuen hilaren 2an Senegalgo lehendakari postua, bozken %54arekin. 44 urteko mandataria herrialdeak inoiz izan duen gazteena da, eta krisi ekonomiko sakonean ekin dio lidergoari, gatazka egoera larri baten erdian. Prozesu migratzaileak “estatuaren poltsikoetan” egotea salatu zuen Fayek hauteskundeen aurretik, herrialdearen segurtasunarekiko arrisku gisa seinalatu zen aldarria, hala lehendakari-gai zenari 11 hilabeteko espetxe zigorra egotzita.
Beste zenbait galderen artean, Senegalen etorkizunari, ezegonkortasun politikoak migrazioan izango duen eraginari eta egoera hau guztia Bilboko senegaldar komunitateak bizi duen moduari buruz solastuko dira bihar, gai gori-goriak akademizismotik kanpo eta zorroztasunetik abiatuta aztertu nahi dituen “Gaurkotasun topaketen” barne.
19:00etan izango da hitzaldia Bidebarrieta Kulturgunean, Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, eta sarrera doainik izango da bete arte.