Urtero lez, aurten ere urrian Ja! Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko Jaialdia ospatuko da Bilbon. Aurten, Franz Kafkaren heriotzaren mendeurrena izanik, idazle txekiarra izango du muinean jaialdiak, haren izaera obra, harremanak eta ondorioak ikuspegi desberdinetatik jorratuta, betiere umoreari arreta berezia emanik; izan ere, Kafkaren lana sakonki ezagutzen dutenek ongi dakiten bezala, haren obran umoreak garrantzia handia dauka, naiz eta haren paradoxa eta iruditegi beltzak itzala egiten dion.
Kafka gertuagotik ezagutzeko, modu hoberik ez da Reiner Stach idazleak hamarkada oso batean idatzi zuen haren biografia zabalean murgiltzea baino. Carlos Fortea idazleak hartu du 2368 orrialdeko biografia gaztelerara itzultzeko lana, zeina aurtengo jaialdian aurkeztuko den, Stach bera gonbidatu berezia izanda, Berta Vias Mahou idazle eta itzultzailea elkarrizketatzaile.
Aurtengo jaialdiaren beste protagonista Zadie Smith idazle britainiarra izango da. 22 urterekin argitaratu zuen “White Teeth” lehenengo eleberria, eta hainbat ipuin, eleberri eta entsegu ezagunen ostean, “The Fraud” eleberriaren gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko du Ja! Jaialdiaren aurtengo edizioan. Aloma Rodriguez idazkari eta kazetari kulturala izango du elkarrizketatzaile aurtengoan.
Kafkaren irudia mila ispilutan
Aurtengo jaialdiaren berrikuntza handiena “Caleidoscopio Kafka” erakusketa izango da, Kafkaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko, Europako erakusketarik handienetako bat. Erakusketa honetan, bertako eta nazioarteko ilustratzaile, komikigile eta artista grafiko ospetsuek haien Kafkaren interpretazio pertsonalak erakutsiko dituzte; haien artean izango dira Robert Crumb, Miquel Barceló, Paco Roca, Max, Ana Juan, Fernando Vicente, Tom Gauld, Luis Scafati, Peter Kuper, Fernando Falcone, Tavo Montáñez, Jaromír 99, Federico Delicado, Antonio Santos, Tomas Hijo, Sara Morante, David de las Heras, Manuel Marsol, Manu Quintero, Miguel Almagro, Javier Jaén, Joaquín Pertierra, Álex Orbe eta Asier Sanz. Erakusketan ikusgai izago diren hamar obra Bilboko Metroan ere erakutsiko dira, jendea jaialdira erakartzeko