Euskal Herrian Euskaraz plataformak duela hamar urteko aldarria berreskuratu du egun Bilboko euskararen egoerari buruzko gogoeta pizteko. “Ez gara espaloitik jaitsiko! leloa 2014an erabili zuten, Ferran Suayk idatzeitako “Bahamarren edukazio ona” testutik hartuta, apartheid garaian Bahametako herritar beltzak zuriekin gurutzatzean espaloitik jaitsi behar zirela adierazteko. Egoera hau Euskal Herrira, eta zehazki, Bilbora eramanda, euskararen egoera larriaren kontzientzia hartu, eta herritarrek euskararen aldeko hautua egitearen garrantzia helarazi du EHE plataformak.
Iñaki Iurrebasoren tesi bat jarri dute mahai gainean aste hontan plazaratutako idatzian; Iurrebasok ondorioztatu duenez, euskaldunak “gure gaitasunen gainetik” aritzen gara euskaraz, agerian utzita euskararekiko atxikimendu eta motibazio sendoa badirela herritarren artean. Hala ere, azken urteetan, euskararen erabilera “ez aurrera ez atzera” dagoela azaldu du Euskal Herrian Euskarazek, eta jauzi baten beharra gero eta nabarmenagoa dela. Jauzi honetan, erabilera eta kontzientzia sustatze hutsa beharrean, “instituzio publikoetatik euskararen auzia erdigunean jarri eta hizkuntza politika sendoak” planteatu beharko dituztela azaldu dute. Bilboko hirian hutsune handia dago legedi aldetik, ez baitago indarrean hizkuntzaren babeserako inolako Euskarako Udal Ordenantzarik, EHEren hitzetan, “euskaldunontzat eta euskararentzat bizigarria ez den hiria ari dira eraikitzen, non aginte makila gaztelaniaren eta hizkuntza globalen akuilu den eta euskarari zein euskaldunoi mugak jartzeko erabiltzen den; hori da darabilten hizkuntz politika”.
Bigarren mailako herritar izaten jarraitu nahi ez, eta euskaldunen eskubideak errespetatu daitezen, hizkuntza politikak “dagozkion neurriak” hartzea eskatu diote Udalari; Bilboko eta nazio mailako euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapena izan da lege babes handiagoa izatea eta hiriaren hizkuntza irizpideak arautuko lituzkeen euskararen udal ordenantza egitea”. Udalaren ekimen faltaren aurrean, EHEk “beti adeitsuak eta atseginak” izateaz aspertu direla helarazi dute, eta halako egoerak isilpean jasatzeaz aski eduki dutela; “jarri nahi dizkiguten hesiak hausteko garaia da!”