Hiri berde baten eraikuntza, 2030 agendarekiko atxikimendua, garraio jasangarri baten aldeko apustua… Asko dira krisi klimatikoa eta haren eraginak leuntzeko azkenaldian aurkeztutako proposamen eta neurriak, badira, hala ere, Bilboren balizko modernizazio horren alde, itxurazko izaera “berde” horrekin zuzenean kontrajarriak dauden proiektuak ere. Proiektu hauen artean entzutetsuenetako bat, eta baita eztabaidatuenetako bat ere, Bilboko itsasadarraren bi aldeak urpetik lotzeko autobide proiektua, edo “Subflubiala”.
Gaur egun Arrontegiko zubitik igarotzen diren 165.000 ibilgailu inguruk itsasadarraren alde batetik bestera igarotzeko alternatiba izan dezaten sortua, 450 milioi euroko inbertsioa dakarren proiektu erraldoiak, Bizkaiko Foru Aldundiak berak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenean bilduta, ibilgailu pribatuaren erabilera %33an handitzea aurreikusten da, interes “berdeekin” zuzeneko talkan. Egoeraren kontraezantasunak bultzatu zuen “Subflubiala Ez” herri plataformaren sorrera pasa den hilean, zeinak jada mahai gainean jarri dituen proiektuak ingurumenean, edota aurreikusten den proiektuaren lanen lau urteko iraupenean Artatza Romo inguruko auzokideen egunerokotasunean (eta inguruan bertan, Artatza parkeko 3,5 hektarea eta oinezkoentzako pasabide bat desagerraraziko dituelako) izango dituen eragin larriak.
Atzo Subflubiala Ez plataformak antolatutako ekintzan, Portugaletetik Artatzarainoko 30km-ko ibilbidea egin zuten 100 lagun baino gehiagok, proiektuaren kalteak salatu eta herritarren desadostasuna plazaratzeko. Itsasadarraren azpiko autobidearen ordez bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatuko dituen proposamen eta proiektuak bultza ditzan eskatu zioten Bizkaiko Foru Aldundiari.