Euskalduna Jauregiaren aurreko plazan bilduak ziren ehundaka zalek eman zidaten ongi etorria larunbat arratsean. Rockaren halako zitek pilatu ohi dituzten kamiseta beltzen saldoa topatu ez, bai ordea ile zilarkara eta haren tokia pixkanaka hartzen ari diren bekokiak, haien eserlekuaren bila kontzertua hasi aurreko azken minutuetan. Ezin pentsatzeari utzi ni jaio baino dezente lehenagotik zirela asko larunbatean bizitzera gindoazenaren zain; 50 urte bete dira Mixel Ducau eta Anhe Duhaldek, haien musikarekiko maitasunak bultzatuta Errobi sortu zutenetik, lau hamarkada inguru haien azken kontzertutik, eta zirrara nabari zitekeen airean; kontzertu historiko baten ateetan geunden.
Aretoaren argiak doitzen ari zela entzun zitekeen rock progresiboak eman zuen gauaren norabidearen berri; esana zuen bikoteak haien kantutegia modernizatzeko ahaleginetan zeudela, egungo teknologiaren laguntzaz. Musikan sartuta gaudenok badakigu zenbat aldatu diren duela mende erditik hona rock taldeen ideosinkrazia teknikoak; asko dira teknologia bete-betean baliatzen duten garaiko hartako taldeak, beteranoenek ez dute bizkarra halako tramankuluak garraiatzeko, eta aretoak ez daude prest halako zalaparta jasateko; amaitu dira rock salbai ozenaren garaiak… Edo amaitu ote? Burrunda bizian hasi zen taldea 80. hamarkadako Agur t’erdi diskaren izen bereko abestiarekin, haren sorreraren aurreko hamarkadako soinu gordinagoa, basatiagoa erakutsita, diskaren produkzio “otxenteroa” atzean utzita; betiere taldearen muin folk-rockeroa agerian haien ahots-armonia ederrekin. Ikuslegoak arnas- eten kolektibo batekin lehenik, orro ozenez jarraian, eman zion ongi etorria, lau hamarkada geroago, Errobiri.
Lehen bi lanetako kantuek markatu zuten kontzertuaren lehen zatia, Gure lekukotasuna, Kanpo eta Aitarik ez dut klasikoekin berotu zituzten eztarriak ikusleek. Esku onetan ginen, gitarra elektrikoaren garra atzean sentitzeak ez ote zituen Ducau eta Duhalde biziberritu? Ahotsak beti bezain indartsu, testuinguru elektriko honetan are gihartsuago, eta Mixelen guitarra jostari eta birtuosoak ezustean hartu gintuen behin handi izan eta zahartutako talde bat ikustera gindoazela uste genuen asko. Usteak erdia ustel, freskotasun handia erakutsi zuen taldeak; eta Anjeren seme den Txomin Duhalde baterian, Rémi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan izateak ere lagundu zuen kantuak biziberritzen. Azpimarragarria baita ere abestien mezuek oraindik duten gaurkotasuna, bikoteak gauean zehar behin baino gehiagotan adierazi zuen bezala, “berrogeita hamar urte pasatu dira, baina berdin berdin gaude”.
Beti lan eta lan eta lan eta lan
Nagusiaren negarrak gauak utzi zigun harribitxietako bat izan zen; Duhaldek Euskalduna Jauregian geundenoi gororarazi zigun aldez aurretik, duela berrogei urte toki hartan bertan langileek bizi zuten borroka “Jauregia… langileen hilobia! Ez ezazue inoiz ahaztu”. 77ko Gure lekukotasuna diskotik aterea, abestiaren sarrera jostariak (boskotearen instrumentaziora maisuki doitua) estrofen aldarrikapenei eman zien bidea; ironía eta ozpina barra-barra nagusi gaixoen erruki. Taldeak abesti ezagunei eman zien “berriztapenaren” ereduetako bat abestiaren zubia, “beti lan, eta lan, eta lan…” akorde jazzeroak kromatikoki jaisten eta jaisten etengabe, taldeak pisu izugarria eman zion Duhalderen intziri mantrikoari.
Eta ereserki progresiboen ostean zetorren gaueko momentu progresiboetan progresiboena; 1979ko Ametsaren Bidea diskari izena ematen dion 17 minutuko pieza eskaini zuten bere osotasun gorenean. Ados, pare bat minutu motzagoa gelditu zitzaien, baina eskutik eraman gintuzten rock gogorrenetik, folk goxoenera; Pink Floyd edo Yes-en maila bereko soinuzko bidaia bihurgunetsuan barrena. Bertsoak eta txistua jazza eta rockarekin batera, tradizioa eta abangoardiak bat egin zuten, egun oraindik berritzaile dirudien 45 urteko pieza batean.
Barealdia ekaitzaren ostean…
Gitarra elektrikoak albora utzi eta, Errobiren sorrerara atzera eginez, Duhalde eta Ducauk guitarra akustikoak eskuan eskeini zuten hurrengo tartea. Perttoliren akordeek oihartzun egin zuten Euskaldunan, hainbeste urteren ostean, agian orain inoiz baino gehiago, turismoak dakarren garraztasuna gogorarazi zigun bikoteak. Folkean guztiz murgildurik, ezin burutik kendu 60 eta 70. hamarkadetako folk britainiarraren eragina; parez pare guitarra akustiko bi, Bert Jansch eta John Renbourn izan litezke taula gainean zeudenak; bereziki txalotzekoa Ducauren trebezia eta sormena, baita akustikoan ere. Badirudi ez duela mugarik gizon honen talentuak.
… Eta ekaitza berriz
Ez deat erranen eta maitasunari ere txokoa egin zion Zuretzat goxoaren ostean, alboka hotsak hautsi zuen bakea, “Maurizia eta Leoni omenaldi bat orain”; Ducauren guitarra sigi-sagaka jazzaren lengoaian, taldeak trebeki jarraitu zituen abestiaren neurri eta tonu aldaketak. Txileko langileriaren zapalketaren salaketa zetorren segidan, aurretik, ordea, ohartarazpen-gutxi batzuk iraganean gertatutakoa berriz gerta daitekeela gogorarazteko, “hemen ere gerta dakiguke” zihoen Anjek. Egungo munduaren egoera ekarri zuten bueltan ikusleen gogora, eta bikotearen armoniek moztu zuten Euskaldunako giroaren gravitas-a, veste pasarte progresivo bikain bati hasiera emateko. Aldarrikapenek aurrera jarraitu zuten hurrengo kantuan ere, “garai hartan, gure telebistarik ez genuela… Orain gurea ote da?”, eta ostean Rock eta Rolling jostarian Ducau dantzan ikusi ahal izan genuen, saxoa eskuetan, Nora goaz ereserkirako birikak (eta belaunak) prest.
Agur t’erdi Errobi!
“Atzar hadi! Euskal Herriaren alde!”, Euskalduna osoa zutik, txistuka eta txaloka, bazirudien kontzertuak gaina joa zuela, kontzertuari hasiera eman zion Agur t’erdi jo zuten berriz, gauari itxiera emateko. Jada batzuk Jauregia uzteko prest zirela, gaueko azken sorpresa handia izan zen bigarren “bis”-a. Zaleen txalo zaparradaren burrundarekin (eta aurreko ia bi orduekin) kontrastean, akustikoan irten ziren Anje Duhalde eta Mixel Ducau, Euskadi abesti mitikoaren bertsio gogoangarri bat eskainiaz, aretoan bilduak ginen 2200 zaleekin batera.
Amaierako txalo zaparradak azken agurraren zaporea utzi zigun ahoan, ez da hala izango ordea; ekainaren 21ean Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainiko dute ezken emanaldia, taldeak Adarra Saria jasoko baitu euskal musikari egindako ekarpenaren aitortza gisa. Sarrera gutxi batzuk gelditzen dira oraindik, eta, atrebentzia handia ez bada, aukera paregabe hau ez galtzeko gomendioa egiten dizuet, Errobi oraindik bizi-bizian baita.