Ertzaintza Berangoko Otxantegiko herri lurrak husten ari da

Xabier Badiola 2024ko mai. 7a, 12:39

Argazkia: Otxantegi, gaur goizean (Hiruka)

Hamabost furgonetarekin agertu da Ertzaintza eta lagun bat atxilotu dute Otxantegi husteko hirugarren saiakeran.

Gaur goizerako deitua zegoen Otxantegiko Herri Lurrak husteko hirugarren deialdia; Ertzaintza birritan saiatu zen dagoeneko Berangoko proiektu agroekologikoa bertan behera uzten, baina erresistentziara dei egin zuten proiektuko kideak, haien aurrean Ertzaintzak, “baliabide nahikoa” ez zutela esanda bertan behera utzi zituzten bi saiakerak. Gaurko polizia-ekintzan, ordea, hamabost furgoi eta baliabide askorekin agertu da Ertzaintza, Otxantegiko kideen hitzetan; herri-lurren defentsan bertaratu dituzten kideak kanporatu dituzte, lagun bat atxilotu eta beste bik laguntza sanitarioa behar izan dute.

Hiruka komunikabideak polizia-ekintzaren jarraipena egin du goizean goizetik; bederatziak inguruan jarri dute abian operazioa, hamabost furgoi, 7-8 patruila eta udaltzainak barne, sarreran pankartarekin zeuden kideak kanporatu eta dorretxean gotortutako kideak kanporatzeari ekin diote; hauek eserialdia egin dute “erresistentzia baketsua” egin nagian, eta ertzainek banaka kanporatu eta identifikatu dituzte. Lehen kanporaketa honetan bi zauritu eta atxilotu bat izan dira, eta oraindik dorretxearen teilatuan eta Otxantegiko kideek eraikitako tripodeetan zenbait lagun gelditzen ziren. Mailuz saiatu dira dorretxearen teilatuan zeudenak jeisten, suhiltzaileen laguntzaz gero; Hirukaren azken eguneraketan oraindik garabi baten laguntzaz tripodean igota zegoen ekintzailea jaisteko ahaleginetan zebilen polizia

Apirilak 13an bigarren urteurrena ospatu zuen Otxantegiko Herri Lurrak, dorretxearen inguruko lurrak modu kolektiboan, herritik eta herriarentzat lantzeko proiektu egroekologikoa. Azarotik hona hiru kanporatze ahalegin izan dituzte Aguirre-Lipperheide familiak lursaila Amenabar enpresari saldu nahi diolako, bertan hainbat luxuzko etxebizitza eraikitzeko, “Berangoko Udalak eta Aguirre-Lipperheide familiak urteak daramatzate herri lurrak izan behar zirenekin espekulatzen. Horregatik ekin genion Otxantegi Herri Lurra proiektu herrikoiari, lurrak nekazaritzarako mantendu behar ditugula aldarrikatzeko. Ordutik, oztopo argia gara gutxiengoa diren aberatsentzat. Lotsarik eta gupidarik gabe, espekulatzaileek haien interesak 'eskubide' gisa aldarrikatzen dituzte, haien asmoak herritarron interesen aurkakoak diren arren. Horregatik kanporatu nahi gaituzte eurotan soilik neurtzen dituzten lurrotatik".