Hernanin 15 urtez ospatu ostean, Leokadisti txistu taldea eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatuta, aurten Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketaren bigarren edizioa ospatuko da Bilbon. Pasa den urtean 22 bakarlari eta bi taldek eman zuten izena, eta aurten 39 bakarlariren emanaldian izango dira asteburuan, bi egun eta bi agertoki desberdinetan.
Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, Bilbao Musikarekin batera antolatua, maiatzaren 11an hasiko da txapelketa, larunbatean, 10:00etan Bidebarrieta Kulturgunean; 12 urtetik beherako 18 bakarlarien emanaldiarekin. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, toki berean, 13 eta 17 urteko kategoriako 18 bakarlari izango dira entzungai. Igandean BBK Aretoan egingo da azken kategoriako emanaldia; 10:30etatik aurrera 18 eta 25 urte bitarteko 8 parte-hartzaile leihatuko dira txistulari onenaren titulua lortzeko.
Parte hartzeko zerrenda Txapelketaren egunean bertan ezarriko da, zozketa bidez. Maite Lomas, Maite Sagastibeltza eta Iker Larrauri izango dira epaileak, eta hauek izango dira parte-hartzaileak puntuatzeko irizpideak: burutzapena, interpretazioa, soinuaren kalitatea, obraren zailtasuna eta emanaldia bera. Sari-banaketa eta oparien zozketa emanaldiak amaitu eta epaimahaiaren erabakia adostu ondoren ospatuko da.