Bazirudien astearte honetako langile eta patronalaren arteko bilkuran urtebete baino luzeago zeramaten mobilizazioek, eta bost asteko mugagabeko lanuzteak Bilbobusen langile eta erabiltzaileek hainbeste gogoz espero zuten amaiera edukiko zutela. Biobide enpresak ezarritako aurreakordioak langileen eros-ahalmena zertxobait igotzeko promesa egiten zuen, ez ordea Kontsumo Prezioen Indizearen pare. UGT, CCOO eta USO sindikatuen oniritziarekin, ELA eta LAB izan ziren proposamena motz gelditzen zela mahai gainean jarri zutenak, gainerako sindikatuen gehiengoaren aurrean; azkenean, 249 bozka alde eta 287 aurka, “dimititzeko mehatxuak” ere izan ziren asanbladak hartu zuen erabakia: aurreakordioa bertan behera gelditu zen eta, hala, aurrera jarraituko dute langileen mobilizazioek.
Gaurtik ekin diote berriz ere Bilbobuseko langileek greba mugagabeari, Biobide enpresaren gutxieneko %30eko zerbitzuekin jarraitzeko erabakiarekin. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak haien babesa eman die mobilizatutako langileei, hitzarmen kolektibo justu bat lortzeko grebaren alde daudela helarazita; demaren hirugarren eragileari, Bilboko Udalari, “bitartekaririk gabeko” zerbitzua, Udalak zuzenean kudeatiko lukeena, eskatu diote “Udalak ezin ditu eskuak garbitu Bilboko herritarren zati handi bati eta langileei eragiten dien zerbitzu publiko baten lan-gatazkaren aurrean". Egungo Biobideren kontratua amaitzeko izapideak hartzen ari da Udala, izan ere, enpresak ezin izan dio aurre egin 2021 eta 2022an izan zen KPI-aren igoerari. Orain hamar egun izango ditu enpresak langileen batzarrak onartutako erabakiaren helegitea aurkezteko, denbora tarte honek soldaten igoera berri bat aurkezteko aukera ematen dio enpresari, eta, proposamen berria onartuko ez belitz, trantsiziozko kontratu berri bat onartu beharko du Biobidek.
Grebalariek mobilizaziora dei egin die herritarrei hilak 23an Zabalburutik irtengo den manifestazioan bat egiteko "beharrezkoa den lineen berregituraketa eta Bilbobus Udalak zuzenean kudea dezan eskatzeko, bitarteko enpresarik gabe".