“Euskara Jendea” dokumentala, sarean ikusgai

Xabier Badiola 2024ko mai. 23a, 12:17

Zenbat Gara elkarteak bere Youtube atarian eta webgunean eskegi ditu dokumentalaren atal guztiak.

Ikusgai daude jada Youtuben eta Zenbat Gara elkartearen web orrian 2013an Ibaizabal-Mendebalde Kultur elkartearekin batera ekoiztutako “Euskara Jendea” dokumentalaren sei atalak. 2006an argitaratutako Juan Carlos Etxegoien “Xamar” idazlearen izen bereko liburuan oinarrituta, historiaurretik gaur egunera arteko euskararen eta euskaldunon historia xehetasunez aztertzen du dokumentalak.

2013az geroztik euskarri fisikoan eta zenbait plataforma digitaletan eskuragarri izan ostean, Zenbat Gara elkarte bilbotarrak haien Youtubeko atarian eta web orrian eskegi dituzte dokumentalaren atal guztiak. Hauek atal bakoitzak jorratzen dituen gaiak:

Historiaren atarian (42’)

Joakin gorrotxategi, Neskuts Izagirre, Diego Garate eta Jacques Blot hizlari, euskararen sorera ezezagunetik, historiaurrera zuzentzen du begirada.

Erromako Inperioan (40’)

Latinak, egungo Nafarroako Erriberan eta Akitanian ez ezik, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere izan zuen eragina aztertzen du atal honek, Joaquin Gorrotxategi, Mertxe Urteaga, Elena Torregarai eta Nogde Nolan hizlari.

Aniztasunera bidean (44’)

Erdi Aroan espazio linguistikoa arabiera eta erromantzearekin partekatzeak ekarri zuen eraldaketa, eta hizkuntza idatziaren iraultza azaltzen dira atalean; Joseba Lakarra, Juan Jose Larrea, Belen Bengoetxea eta Antonio Breschi hizlari.

Mugetan gaindi (48’)

XVI eta XVIII. mendeen artean Espainia eta Frantziaren arteko muga ezartzeak ekarri zituen ondorioez mintzo da atal hau, baita arrantzak eta nabigantzak ekarri zituen itsasoz bestaldeko euskara eta beste hizkuntzen arteko pigniak ere, besteak beste. Joseba Agirreazkuenaga, Beñat Oihartzabal, Miren Egaña eta Peter Bakker ditu protagonista atalak.

Gerren arteko Pizkundean (49’)

Gerrartean, XIX. mendetik XX. mendeko lehen herenera arte euskarak eta euskal kulturak bizi izan zuen Euskal Pizkundea deritzon urrezko aroa aztertzen du atalak; Euskaltzaindia eta beste zenbait erakunderen sorrera, bertsolaritza eta literaturaren indartzea eta abar aztertzen ditu atal honek, Iñaki Camino, Lourdes Otegi, Jurgi Kintana eta William Douglas hizlari.

Mundua osatzen (50’)

Azken atal honetan, Espainiako Gerra Zibilak eta ondorengo hamarkadetako egoera aztertzen du, 1960. hamarkadako euskararen aldeko mugimendua, euskara batuaren sorkuntza eta musika, literatura eta zinemak eduki zuten bultzada mahai gainean jarrita, gaur egunera iritsi arte. Jose Angel Irigarai, Jon Sarasua, Amaia Aire eta Iratxe Esnaola dira hizlariak atal honetan

 

Dokumentalak ikusgai Zenbat Gara elkartearen Youtube-ko atarian eta web orrian.