Laudio, Urduña, Aiara, Okondo, Artziniega, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldako Udalek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak babestu, sustatu eta finantziatutako komunikabidea da Aiaraldea, eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra. “Gertaera oso larria eta onartezinaren” berri eman du komunikabideak gaur: Amurrioko Udalak kendu egin dio 6.000 euroko dirulaguntza, 2012. urtetik izenpetua zuten euskara sustatzeko hitzarmenaren barne zegoena; hala “inolako jakinarazpenik eman gabe komunikabideari eta hitzarmenaren helburuari bizkar emanez”. Apirilaren 15az geroztik egoeraren larritasuna aztertzeko bilera baten zain dago Aiaraldea, Udalaren erantzunik gabe.
Dirulaguntza kentzearekin batera, Airaldeak plazaratutako artikuluan Amurrioko Udalak azken urteetan izandako zenbait jarrera salatu dituzte, hala nola, pasa den urtean Euskalgintza Kontseiluarekin biltzeari muzin egitea euskararekiko konpromisoak hartzeko proposamenaren aurrean, euskararen teknikari langile postua udal langileen zerrendatik ezabatzea, zeina presio sozialari esker ez zen indarrean jarri; Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin ezarritako hitzarmena (urratu berri dena) 2016az geroztik izoztuta edukitzea eta euskara bultzatzeko egitasmoetan parte-hartze falta orokorra. Jarrera hauek salatzeaz gain, Udalaren jarrera aldatzeko aldarrikapena egin du Aiaraldeak, “Amurrioko Udalak euskararen biziberritzean oztopo izateari utzi eta, instituzio publikoei dagokien bezala, biziberritze prozesuaren zerbitzura jarri ditzala guztionak diren baliabide publikoak” eskatuz, besteak beste.
Egoera ekonomiko zailean jarduten duen Aiaraldearen gisako komunikabide bat izanik, berez eskasa den laguntza hori eteteak are gehiago jartzen du kolokan haren biziraupena; Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak urteak daramatza irabazirik gabeko komunikabidearen behar ekonomikoak ekarpen propioen bidez sostengatzen, eta Udalaren babes falta Aiaraldearentzat, eta komunitate euskaldunarentzat, kolpe larria da, sakonago errotuta dagoen jarrera baten erakusgarri dena.