GKS Gazte Koordinadora Sozialistari, Etxebizitza Sindikatuari eta Luberri Konpartsari Bilboko eta Gasteizko jaietan parte hartzea eskatu dute gaur Euskal Herriko 150 kultur eragilek. Josu Zabala, Hedoi Etxart eta Patxi Garcia Aldanazek egin dute agerraldia eguerdian Bilbon, jaietan parte hartzea bermatu eta auziari konponbide bat emateko, “Jai herritarrak maite ditugulako, artistak betoen kontra gaude eta konponbidea nahi dugu, bai Bilbon bai Gasteizen”.
Agerraldian Bilbo inguruko zenbait eragile bildu dira, “Mugimendu Sozialistaren inguruko eragileei Bilbo eta Gasteizko jai herrikoien esparruan parte hartzea ukatu zaiela salatzeko; Etxarten hitzetan, “betoen dinamikak aniztasunaren oinarria hausten du eta herri mugimenduen arteko talka eragiten du”, eta egoerari konponbidea emateko sinatu dute gutuna, Artistok denontzako jai herrikoien alde taldearen izenean; barne daude Itziar Ituño, Bernardo Atxaga, Antton Telleria, Merina Gris, Nogen, Fermin Muguruza, Joseba Sarrionandia, Natxo de Felipe, Hofe, Mireia Gabilondo, Leire Bilbao eta Olaia Inziarte, besteak beste.
Sinatzaileen ustetan jai herrikoietako partaidetza “eskubide unibrtsala” izan beharko litzateke, eta jaiak bakoitzak bere aldarrikapen eta izaera dena dela “gozatzeko” esparru izan beharko liratekeela; hala etorkizunean “Bilbon zein Gasteizen hurrengo jai herrikoietan berdintasunean eta diskriminaziorik gabeko jai giroan eta kultur ekitaldietan parte har dezaten” aldarrikatu dute.