Bilboko eskola publikoak bizi behar du!

uriola.eus 2024ko mai. 28a, 15:56

Argazkia: Stock irudia (Unsplash)

Eskola publikoen egoera hobetzeko mozioa aurkeztuko dute guraso elkarteek udalbatzean

Bilboko 28 eskola publikoko guraso elkarteek bat egin dute heziketa zentro publikoen baldintzak hobekuntza aldarrikatzen duen mozioan, zeina maiatzaren 30ean aurkeztuko duten udalbatzan. Bilkuraren aurretik mobilizazioarekin bat egiteko deia egin dute, arratsaldeko 17:00etan Udaleko eskaileratan.

Eskola publikoetako 10.000 familiek azken hamarkadetan izan dituzten egiturazko arazoak jarri dituzte mahai gainean guraso elkarteek; egoera hau hobetzeko Udalaren ekimena funtsezkoa izan beharko litzatekeela azpimarratu dute guraso elkarteek, oinarrizko beharrak asetzeaz gain, berrikuntza eta hobektuntzaren aldeko apustua egin beharko lukeela azalduta, "Eskola publikoetako ikasleak dira hiri honen etorkizuna, eta, beraz, bere lehentasunetako bat izan beharko luke".

"Bilbo, haurren hiria" proiektuaren barruan dagoen UNICEF elkartearen hitzak ekarri dituzte guraso elkarteek haurren egoeraren aldeko aldarria egiteko "azken 30 urteetan egindako ikerketa zientifikoek erakutsi digute giza garapenaren aldi garrantzitsuena jaiotzatik zortzi urtera artekoa dela. Urte horietan, gaitasun kognitiboen garapenak, ongizate emozionalak, gaitasun sozialak eta osasun fisiko eta mental on batek arrakastarako oinarri sendoa osatzen dute, baita helduaroan ere. Ikaskuntza bizitza osoan gertatzen bada ere, lehen haurtzaroan oso azkar gertatzen da, eta gero berdinduko ez den abiaduran, hain zuzen". Haurren bizi-kalitatea bermatu eta eskola haien bizitzak aberasteko toki izan dadin, jolaserako eta irudimenerako espazio bat sortu behar dela defendatu dute guraso elkarteek, "non erosotasun eta babes sentsazioak eskutik joan behar duten garapen osasuntsu bat ahalbidetzeko".

Baldintza hauek guztiak bete daitezen, guraso elkarteek bi eskari egiten dizkio Bilboko Udalari: jolastokiak eta eskola-inguruneak indartzea, espazio hauek duten garrantzia aldarrikatu eta haurren ongizatea bermatzeko; horretarako legegintzaldi honetan zehar "egiturazko esku-hartze bat hasi dadin, konpromisoa" eskatu dute. "Bilboko eskola publikoetan eta haien eskola-inguruneetan aire zabaleko espazioen kalitatea hobetzea helburu duen esku-hartze bat".