Apirilaren 25ean, Bilboko auzokideen elkarteko Federazioak mozio bat aurkeztu zuen Bilboko udalean. Mozioak Palestinar herriarekin elkartasuna adieraztea eta Israel estatu genozidarekin kolaborazio denak etetea eskatzen zuen. Udal gobernuak (PNV-PSE) mozio hau atzera bota zuen eta ekidistantea eta antzua den mozio lotsagarri bat aurrera atera zuen. Beste behin ere, udal instituzioa eta bilbotarron sentimenduak aurrez aurre aurkitzen dira.
GERNIKA-PALESTINA herri ekimenak asteburuan egin duen ekimen hau Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeko bada, bereziki umeek pairatzen ari diren sarraskia, baina baita udal gobernuaren jarrera kolaboratzaile hau salatzeko ere bai. Bilbon nagusia den Palestinaren aldeko sentimendua Uribitarte pasalekura atera egin dugu gaur.
Genozidekin harremanak moztu nahi ez dituen Bilboko Udalaz gain, jomugan jarri nahi dugu Euskal Herrian bertan dugun kolaborazionismo instituzional, enpresariala eta akademiko guztia. Besteak beste, erregimen sionistarekin merkataritza-akordioak duela 40 urtetik dituen Eusko Jaurlaritza, armagintzan aritzen diren SENER bezalako enpresak edota CAF tren-enpresa.
Israelgo armadak Gazan milaka haur hil izanaren larritasuna dramatismoz jaso du ekimenak. Hautsez eta odolez zikindutako ehundaka haur-zapata jarri dituzte Zubi-zuri zubitik Guggenheim-eraino doan pasealekuan. Zapaten ondoan, haur horien izen-abizenak, adina eta haien heriotzaren arduraduna den Israel jasotzen zuten etiketak jarri dituzte; Anas Muhammad Mazen, 4 urte, Israelek eraila. Bushra Sharif Youssef, 12 urte, Israelek eraila. Sham Abdul Karim urte 1, Israelek eraila...
Gogoratu behar da dagoeneko 42.500 pertsona baino gehiago hil dituztela Palestinan, eta horietatik 15.700 baino gehiago haurrak direla.
Ekintza honen egileek Bilboko paseo jendetsu honetan sortu duten giro astunak, eragina izan du hortik pasatzen zen jendearengan, bereziki museoraino hurbiltzen diren turistengan. Sortutako irudiari begiratu eta haur horien izenak atsekabetuta irakurtzen zituzten oinezkoek. Megafoniatik entzuten ziren abestiak eta gerra-sirenen abotsek efektu hori lortzen laguntzen zuten. Jarritako haiman informazio-esku-orriak eta beste materiala banatu izan dute.
Bilbotarren zein Bilboko paseo horretan ugariak diren turisten igandeko normaltasuna eraldatu dute. Ibiltzen ziren bitartean Palestinan gertatzen ari den genozidioa ezin izan dute ahaztu eta umeen sufrikarioa oso presente izan behar izan dute.