Osakidetzak aste honetako sektoreko mahaian proposatu duenez, lehen mailako arreta zentroen %35ak izango dituzte murrizketak udan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden 339 zentroetatik 126k; oraindik 58 zentrotan ez da behin betiko erabakirik hartu, beraz oraindik gehiago haz daitekeen zifra da. Horrez gain, Osakidetzak ez du bermatzen irekiko diren osasun zentroak ekipo osoarekin irekiko direnik, ELA sindikatuak egoera honek “murrizketa horretan sakondu eta estruktural bihurtzen” duela salatu du, urtero egiten baitira murrizketak; Osasun Sailak hala ez dela, eta “langileen atsedena bermatzeko beharrezkoa den berrantolaketaren ondorio” diren neurriak direla badio ere, ELAk “errealitate bakarra murrizketen aurrean gaudela” dela azaldu du, nahiz eta Osakidetzak langileak eta haien eskubideak erabiliz justifikatu.
Hauteskunde kanpainan entzundako hitzaldiek erakusten zutenaren errealitate oso bestelakoa adierazten dute erabaki hauek, sindikatuak azaltzen duen bezela, Osakidetzarentzat eta bereziki Lehen Arretarentzat irtenbideak maiz izan baitira hizpide kanpainan zehar. Ohiko neurri hauek aplikatzeak, “EAGak fakultatiborik gabe irekitzeak, eta absentziak eta oporrak ez ordezkatzeak” lan karga areagotu eta lehen mailako arretak dakartzan gabezi eta arazoak areagotu soilik egiten ez dituela azaldu du ELAk, egiturazko arazo larri hauei “aurre egiteko planik ez dagoela” agerian utzita.
Neurri hauen eta langile eskasiaren atzean “lan baldintza eskasak daudela” azpimarratu du ELAK, eta Osakidetzak egoera hobetu bidean negoziatzeko borondaterik ez duela; Osakidetzak behin betiko erabakia hartuta zegoela aurkeztu zuen Mahai Elektoralean, baliorik gabeko balizko negoziazio bat proposatuta. Datorren udara begira egoera hau errepikatu ez daitezen benetako neurriak ezarri daitezen eskatu du sindikatuak, “plantillak egonkortu behar dira, lan gainkarga sistematikoa arindu behar da, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeari ekin behar zaio, baimenei eta lizentziei buruz hitz egin behar da eta abar luze bat”, Osakidetzak indarrean jarritako neurri hauek era sistematikoan urtero aplikatu beharrean, arazoa errotik aldatu dadin.