Biobide, Bilbobusen zerbitzuak bere gain dituen enpresak, zerbitzu minimoak bermatu daitezen esaktu du, egunerokoan gertatzen diren atzerapen eta zerbitzu gabezien aurrean. Azken egunotan eman diren Bilbobusen autobusen aurkako sabotaien eraginez goizeko txandan egon beharko liratekeen 38 ibilgailutik 10 eta 14 bitartean soilik daude martxan, bataz beste bi orduko atzerapenarekin, ibilgailuen biltegitik irten eta metro gutxitara erasoak pairatzen dituztelako.
Gatazka egoera hau Bilbobusen langileek greba mugagabeari berriz ere ekiteko erabakia hartzetik astebetera ari da ematen, Biobide Bilbobusen zerbitzuen ardura duen enpresak ez baitzuen aurkeztutako aurre-hitzarmenean langilediaren prekarizazioa eta eros-ahalmenaren galera ekiditzeko beste neurri proposatu. ELAk soilik egin zion muzin beste sindikatuek onartutako aurreproposamenari, eta bozketa estu baten ostean erabaki zuten langile grebalariek mobilizazioekin jarraitzea. Sindikatuak Biobideren gisako multinazional batek (ALSA ere haien esku dago) Bilbobusen langileen lan-baldintzetan murrizketak ezarri eta zerbitzuak kaltetzea, enpresa pribatuaren onurarako, finantziazio publikoaz eta Udalaren jakinean “kezkagarria” iruditzen zaio, eta gatazkaren puntu honetan Udala izan beharko litzatekeela korapiloa askatzeko ahalegina egin beharko lukeena.