LGBT+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren atzerakontuan maiz entzuten da azken urteetan pinkwashing terminoa, kolektiboaren aldeko aldarriak instituzio, herrialde, pertsonak eta enpresak sustatzeko marketing estrategia gisa erabiltzea, alegia. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritzarengan jarri du begirada, “Bilbao Bizkaia Harro” ekimena, antzina BilboPride izenez ezagutzen zena “ekainaren 28an LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak merkantilizatzen dituen jaialdia” dela adierazita, eta erakunde hauek “diru publikoz ureztatzea” egotzi diete; kolektibo sexodisidenteak plazaratu dituen zifren arabera, EAJrekin loturak dituen Ortzadar LGBT elkarteari 400.000 euro baino gehiagoko transferentzien bidez.
Kolektiboak administrazio publikoak 2019 eta 2023 urteen bitartean ospakizun horretan diru kopuru handiak txertatu dituela ziurtatu du, zehazki 240.000€ 2019an 20.130€ 2020an eta 74.644,83€ 2021ean, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. 2022an eta 2023an 35.412,65€ eta 35.801,76€ iritsiarazi zizkioten Ortzadarri dirulaguntza izendunen, kontratu txikien eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bakar baten artean.
Ehgamek Bilbao Bizkaia Harro Bilboko Udaleko Turismo Sailak diseinatu eta Ortzadar LGBT elkarteak antolatu duela salatu du, dirulaguntza publikoz EAJ eta gertuko kideen onurarako baliatzeko. "Ospakizun hori erdi-goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatzea bilatzen duen plan merkantilista baten parte da, eta horren atzean LGTBI+ mugimenduak Bilboneta Bizkaian dituen behar, arazo eta errebindikazio errealekiko erabateko interes eza ezkutatzen du, eta hori pinkwashinga da", azaldu du elkarteak. Bilbao Bizkaia Harrok sustatzen duen jai-eredua guztitz gaitzesten duela gehitu du Ehgamek, harrotasuna baino “harropuzkeria” erakusten duela eta instituzioek eta Ortzadar LGBTk kudeatzeko erabakia hartzeak, tokian tokiko E28 Koordinadoren esku utzi beharrean, eta herritarrei Bilbao Bizkaia Harroren ekitaldietan parte ez hartzeko gonbitea luzatu die.