Hilabete baino gutxiago falta da EuskarAbentura Espedizioaren hasierarako

uriola.eus 2024ko eka. 7a, 12:22

Argazkia: EuskarAbentura

Aurten Atharratzetik Getxorainoko ibilbidea egingo du  EuskArabentura Espedizioak, azkenengo bi etapetan Bilbo bisitatuta.

Uztailaren batean Atharratzetik irtengo da aurtengo EuskarAbentura Espedizioa, Euskal Herria euskaraz zeharkatuko duen espedizio ibiltaria. Aurten zazpi probintzietako zein diasporako 16 eta 17 urteren arteko 126 gaztek hartuko dute parte espedizioan, hiriburu guztiak zeharkatu eta bidean dauden gizateriaren ondareak bisitatzen. Etapa bakoitzaren ostean zenbait ekintza antolatuko dira, izan tailerrak, kirol txapelketak, eztabaidak, astronomia hitzaldiak eta abar luze bat.

Ruta Quetzal espedizio “iniziatiko, ilustratu eta zientifikoa” eredu hartuta, 2015ean Euskal Diasporaren Boiseko Jaialdian elkartu ziren jatorri anitzeko euskal talde batek eman zion hasiera EuskarAbenturari, taldekide batzuk eginiko Ruta Quetzala euskararekiko maitasun eta zaletasunarekin uztartzeko xedearekin. Gazteentzat iniziazio ekintza gisa sortutako ekimenak dira bai Ruta Quetzal zein EuskarAbentura, garai erabakigarri honetan esperientzia berri hau taldean eta euskaraz bizitzeak “Euskal Herria, bere geografia, kultura, hizkuntza aniztasuna, gizartea, historia... ezagutuz dugun ondarea baloratzen, maitatzen eta zaintzen ikastea” du helburu ekimenak, baita antolatzaileek “positibo eta beharrezko” kontsideratzen dituzten baloreak transmititzea ere: genero berdintasuna, zaborraren kudeaketa, bizimodu osasuntsua, autonomia, bizikidetza, etab.

Uztailaren 30 iritsiko da EuskarAbentura Espedizioa Bilbora, Bermeon hasi, Bakiotik pasa eta hiriburuan amaitzen den espedizioaren azken aurreneko etapan. Etapak goizean zehar burutuko dira eta arratsaldean proiektuko aurtengo hiru gaiak landuko dituzten ekintzak egingo dira; aurten euskara batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola eta utopia izango dituzte muinean ekintza hauek. Aurtengo Euskarabenturan 43 bizkaitarrek hartuko dute parte, parte-hartzaileen erenak, eta taldearen %66,93 dira neskak, 85 lagun. EuskarAbentura Espedizioa doakoa da parte-hartzaile guztientzat, eta interesa dutenen interesa eta lana saritzeko irabazten duten “beka” baten bidez dira hautatuak, aurkezpen bideo bat, eta urtean urteko gaiei buruzko proiektu bat aurkeztu ostean.