Parte-hartze handia izan du aurten EUSPOT leihaketak; 87 spot, 60 adin txikikoenak, eta publikoaren sarirako 800 boto baino gehiago jaso dira. Aurtengo irabazlea “Izan burua, altxa burua” spota izan da, Oihan Loiti Iraolarena. Aipamen berezia Unai Cantabrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeletaren “Distrakzioaren Adikzioa” spotari, zeinak musika sinkronizazio onenaren eta Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenaren sariak jaso dituen; “gora begira mundu berria” spotak irabazi du publikoaren saria, Julen Calderon Soria, Garazi Prieto Fernández eta Zaloa Garcia Rodríguezek egina, Peru Arrese eta Izadi Zumalderen “Heldua zu zara, heldutasunez jokatu” spotak gazteen saria eraman du, eta Eider Sanchez, Maddi Lasa eta Itxaso Lopezen “Zuk zeuk erabaki” spotak Arizmendiko ikasleen spotik onenarena.
Aurten telefono mugikorrak eta adin txikikoak izan ditu gai EUSPOT txapelketak, “12 urteko seme-alabak mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin?” galdera luzatu zaie sortzaileei, guraso gazteen kolektiboari eragiteko asmoz; gizartean pil-pilean dagoen gaia da aurtengoa, asko dira mugikorraren erabilerarekiko kritikoak diren taldeak, eta zenbait herritan indarrean jarri dira mugikorraren erabilera ez egokiak dakartzan eraginak plazaratzeko ekimen eta kanpainak.
Etorkizuneko “spot eragileen harrobia asmotzeko asmotan”, 500 ikasleri ikus-entzunezko publizitateari buruzko formazioa eskaini die EUSPOTek; azken urteetan 4.500 ikasle baino gehiagok jaso dituzte formazio saioak Euskal Herriko zentro desberdinetan.
Hemen ikusi spot irabazleak.