GUKA! Bilbo euskaldun baten alde saretu, eraiki eta aldarrikatu

uriola.eus 2024ko eka. 17a, 18:23

Argazkia: GUKA! plataformaren aurkezpena (Euskalgintza Kontseilua)

Pasa den ostegunean aurkeztu zen GUKA!, Bilboko hainbat mugimendu eta eragile euskaltzalek sortutako mugimendua. Plataformako kide diren Maialen Gago eta Liher Barrantesekin bildu gara eragile berri honen sorrera, xede eta Bilboko euskararen egoerari buruz gogoeta egiteko.

Zer da GUKA! eta zerk eragin du plataformaren sorrera?

M: Bilboko hainbat espaziotan lanean gabiltzan zenbait euskaltzalek; BIRAn, Berbaizun, Zenbat Garan, kulturgintzan, Txantxikun, jaietako eremu desberdinetan, batzen gintuen kezka batek, badirela Bilbon euskararen aldeko egitasmo asko, baina egitasmo horiei guztiei edo horiekin batera prozesu ikuspegi bat txertatuko zuen mugimendu bat sortzea falta zela. Prozesu ikuspegiarekin esan nahi duguna da, epe ertain- luzerako begirada bat jartzea, euskararen aldeko lehentasunak denok batera erabakitzea eta pixkanaka euskararen alde egiten diren egitasmo bakoitza prozesu metatzaileago baten bueltan bolkatzea, bihar gaur baino egoera hobean egongo den euskararen aldeko mugimendu bat auskotzea

L: ematen du GUKA! oldarraldi judizialaren testuinguruan jaio dela, baina ez da hori soilik; euskaldunok gure egunerokotasunean, eguneroko fintzio horrek betetzeko ditugun zailtasunetatik eta oztopoetatik sortzen da. Ez da soilik oldarraldi horri erantzuteko, nolabait egiturako arazo bati erantzuteko mugimendu bat da.

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko mobilizazio deialdiei eta beste zenbait ekimeni oihartzuna emateko erabili izan duzue zuen plataforma. Zeintzuk dira orain, aurkezpenaren ostean, GUKA!ren helburu eta xede nagusiak?

M: Bi egiteko nagusi dira identifikatu ditugunak; batetik lan aldarrikatzailea deitu dioguna, edo borroka ideologikoa, euskeraren gaia politizatu eta euskarareko zer diskurtso dugun zabaltzeko bidea egitea. Nik uste horretarako ez dugu oldarraldiaren aurkako mobilizazioak eta azaroaren 4ko manifestazioak berak ematen zuen aukera baliatu auzia politizatzeko eta erdigunean kokatzeko. Beste aldetik, lan eratzailea deitu dioguna, finean euskarak gero eta botere gehiago irabaztea hainbat eratan, jadanik euskaraz existitzen diren espazioak indartzea, horrelakoak beste auzo batzuetan hauspotzea, berriak sortzea. Horiek lirateke GUKA!ren helburuak.

Nik uste arnasgune hitzak berak oso ondo irudikatzen duela bizi dugun itolarria, euskaldunok oxigeno bonbona gabe etxetik ateratzea oso arriskutsua da

Egunerokotasuna euskaraz egiteko garaian, zer garrantzi dute arnasguneek? Nahikoa al da hirian duten espazioa?

L: Nik uste arnasgune hitzak berak oso ondo irudikatzen duela bizi dugun itolarria, euskaldunok oxigeno bonbona gabe etxetik ateratzea oso arriskutsua da. Euskaldunok erdera egiteari uko egingo bagenio ezinezkoa izango zen arnasa hartzea eta gure hirian bizitzea, beraz, oso oso garrantzitsua da arnasgune horrek babestea eta gure hirian zehar geroz eta gehiago zabaltzea. Jada existitzen diren proiektu eta ekimen hoiek babesteaz gain erreproduzitzea; bai arrakastatsuak direnak erreproduzitzea, eta gutxiago funtzionatu dutenak indartu era sendotzea, gerora horiek ere erreproduzitu ahal izateko, eta, azken batean, Bilboko hiria bera arnasgune izateko edo arnasgune gehiago izan ditzan.

M: Iñaki Iurrebasok aurkeztu berri du tesi bat zeinetan orainarte asko errepikatu den hipotesi bat aztertu duen: ezagutzak gora egiten du baina erabilerak behera. Berak adierazle berri bat gehitzen du bi hizkuntzak herri berean elkarbizitzen direnean, ezagutzaz gain hizkuntza batean edo bestean aritzeko erosotasuna hartu behar dela haintzat. Euskal Herrian %8a bakarrik mintzatzen da erosoago euskaraz, beraz, datu hori kontuan izanda, jendea bere gaitasunen gainetik dabil euskaraz. Euskal hiztuna oso fidela da euskararekiko, beraz arnasguneak egotea, sortzea, hegemonitzatzea… Geroz eta garrantzitsuagoa da erosotasuna garatzen joan eta erabilerak aurrera joateko. Errealitate bat da euskaltegiak jendez gainezka daudela, baina ezagutza hori ez da eguneroko erabileran islatzen.

L: Euskaltegietatik atera eta ez daukate euskaraz aritu ahal izateko aukerarik, orduan aukerak sortzean datza arnasgune horiek sendotu eta zabaltzeak. Pentsatzen dugu arnasgunea bera espazio bat izan behar dela, baina azken finean kuadrila bat, edozein ekintza bera, kirolean aritzea edo dena delakoa ere arnasgune bat izan daiteke, beraz ez da espazioetara mugatzen; hiriaren beraren osotasunera eta gure funtzioen osotasunera zabaltzen dugu arnasgunearen adiera hori.

Kike Amonarrizek azaldu izan du euskaldun gehien bizi den hiria dela Bilbo. Zein da euskaldunek egunerokotasunean bizi duten egoera?

L: Egia esan Bilbon denetik dugu gehien, eta, horretara bagoaz, elebakarren kopuru handiena ere bilbon dago eta justu hemen euskaldunak ez gara elebakarrak. Oso garrantzitsua da asko izatea gerora artikulatu eta antolatu ahal izateko, nik uste hori  indargunetzat hartu behar da, baina euskaltzaleon kasuan, momentu honetan, guk nabaritu duguna izan da oso sakabanatuta gaudela, eta kolektibo edo norbanako desberdinek lan ikaragarria egiten badute ere, ez duela eraginik. Horrek ere erantzuten dio GUKA!ren sorrera honi, guzti hori prozesu ikuspegi batean kokatzean eta denon indarrak metatuz horrek eragina izan dezan gure hirian.

M:Erosotasunaz ari garela, ez da soilik norberak zer gaitasun garatzen duen euskaraz ondo adierazteko edo elkarrizketa batean eroso egoteko, giro euskaldun edo erdaldun batean bizi zaren pentsaraztera zaramaten estimuluak garrantzitsuak dira, eta Bilboko hiriaren eskaparatea oso erdaldun irudikatzen da eta dugu. Horrek euskaraz egiteko nahi hori baztertzera eramaten zaitu, erderaz erosoago moldatuko zarelakoan.

L: Kolektiboaz ari garenean, errazagoa da kolektibo konkretuetan euskaraz aritu ahal izatea, baina norbanakoz norbanako oso ikusgarria da nola hiriak bizkarra ematen dion euskarari, eta oso zaila da euskaraz aritzea espazio intimoetatik kanpo. Espazio intimoetatik kanpo esaten dugunean, etxera mugatzen den espazio batez mintzo gara; etxetik atera eta etengabe kontra aritze horrek nekea sortzen du, eta azkenean erosotasunera jotzen duzu, eta erosotasuna espainolez aritzea da. Horrek eragin handia dauka.

Maiatzean Gazteizen Aldatu Gidoiak plataformaren maifestazioan, euskal ikusentzunezkoetan inbertsioa handitu bada ere, zineman euskalduna bigarren mailako herritar gisa kokatzen dela salatu zuten. Non kokatzen da euskalduna hiri eredu globalizatuan?

L: Euskalduna bere euskalduntasunean erabat baztertua den identitatea da. Gure  eguneroko funtzioak gure hizkuntzan garatzeko aukera ukatzen zaigunean, lehen mailako herritar izateari uzten diogu. Lehen mailako funtzio horiek, ogia erostea, lehen mailako zerbitzu batean euskaraz artatu ahal izatea,… horiek ukatzen zaizkizunean bazterrean kokatzen zaituzte, nolabait horrek bigarren mailako izatera bultzatua zara. Sozializatzea bera ere, ez bada euskaldun hutsez sortutako kuadrila batean, oso zaila da. Beti aukerak bilatzera eramaten zaitu horrek.

M: Lorea Agirrek esaten du “ez dira soilik hizkuntza eskubideak, pertsonak erabakimen osoko eta parekoa izatearekin jokatzen ari da”. Nik uste interesgarria da feminismoarekin alderaketa batzuk egitea: kalean eraso matxista batean aurrean bi aukera ditut, paso egin eta aurrera jarraitzea, edo eraso hori sistema baten baitan, komunitate edo sujetu bati eragiten dion egoeraren sintoma gisa ulertzea, komunitate gisa haserretzea, esan liteke. Euskararen kasua antzeko ikusten dut; taberna batean kafea euskaraz eskatzeko eskubidea ukatzearen aurrean bi aukera daude, edo españolez mozorratzea, eta hor ez dago erasorik, edo eskubide urraketa bera politizatzea komunitate bati ukatzen zaion eskubide bezela ulertzea. GUKA!tik horretara jo nahi dugu, egoera horiek politizatzera, hor baitago eztabaida soziala.

L: Oso argi dugu pertsonak edo identitateak ez direla soilik hizkuntzaren inguruan eraikitzen, zapalkuntza anitzak ere pairatu ditzake pertsona bakarrak. Izan zaitezke euskaldun eta baztertua izan, edo izan zaitezke euskaldun eta emakume, eta zapalkuntza bikoitza sufritu, edo emakume, euskaldun eta arrazializatu; hor zapalkuntza hirukoitza ematen da. Ez da soilik euskaldunok bazterreko sentitzen garela, euskaldun izate horren kontzientziak beste zapalkuntza batzuen kontzientzia ere ematen dizu, eta zapalkuntza guzti horiek ere gure egiten ditugu. GUKA!tik justiziaren termino horietan lan egin eta kontzientzia zabaldu nahi dugu zapalkuntza horien guztien inguruan, eta betiere euskararen eta hizkuntzaren auzia erdigunera ekarri.

M: Euskararen aldeko lan aldarrikatzailea egin nahi dugula diogunean intersekzionalitatearen ideia azpimarratu nahi dugu. Euskararen aldeko borroka herri proiektu zabalgo baten barne ulertu nahi dugu, ez dugu euskararen aldeko edozerren alde egin nahi; euskera hutsean funtzionatzen duen apustu etxe bat sortzen bada ez dugu hori sustatuko. Argi dugu euskerari gainontzeko borroka emantzipatzaileak lotu behar dizkiogula, baina bestalde, gainontzeko borroka emantzipatzaileak, Euskal Herrian nahi eta nahiez euskaraz egin behar direla, ezean, borroka horiek aurrera eraman bitartean beste zapalkuntza bat emango da. Eta euskaratik diogunean ez da soilik euskeraz, baizik euskararen aldeko ardatza aintzat hartuko duen izaera batetik pausoak ematen.

Guk ulertzen dugu euskaldunoi ukatu egiten zaigula euskaraz bizitzeko aukera, baina datorrenari ere ukatu egin zaio euskara ikasteko aukera hori.

Bilboko erakundeen aldetik euskararen normalizazioaren alde egiten diren ahaleginak nahikoak ote dira? Euskarak ba al du erakundeen babesik?

L: Beste zapalkunzta eta borroka emantzipatzaileekin gertatzen den bezela, zeharkako lez ulertzen dugu hizkuntzaren gaia. Idurrek (Eskizabalek) oso ondo laburtzen du esaldi batean, “mundua minorizatutako hizkuntza komunitateen kontra dugu, baina geure burua eta hizkuntza ditugu munduaren alde”. Horregaz zer adierazi nahi dugu? Gaur egungo mundu globalizatuan ez direla neurriak hartzen zapalkuntza horiei aurre egiteko. Zer da normalizazioa deitzen zaion hori? Era oso desberdinean ulertzen da erakundeetatik eta herri ekimenetatik: erakundeetatik neurri puntual batzk hartzeari esaten zaio normalizazioa, eta herri ekimenetik normalizazioa berdintasunera bideratzen da, hau da, guztiok aukera berdinak izan ditzagun, eta hori ez da ematen. Aukera gutxi batzuk zabaltzen dira, eta horrek nolabait gizartean oso zabalduta dagoen diskurtso bat eragiten du: “bueno, baina zuri ez zaizu ukatzen euskaraz egitea, badituzu aukerak”. Baina aukera horiek minimoak direnean, horrek eragiten duena da, euskaldunen kasu honetan, are bazterrekoagoak izatea; horri naturalizatzea deritzo. Natural sentitzen dugu gure egunerokoa euskaraz garatu ahal izateko, bost kilometro egin behar izatea ogia erosteko, edo parranda egiteko espazio oso konkretu batzutara joan behar izatea, eta naturalizazio hori oso arriskutsua da. Ondo desberdindu behar dira normalizazioa eta naturalizazioa. Normalizazioa beharko litzateke gizabanako bakoitzak aukera berdinak izatea bere egunerokoa normaltasunean garatu ahal izateko, eta hori ez da ematen.

M: Iñaki Iurrebasok bere tesian dio hirian erderaz garatzea gora doazen eskilara mekaniko batzuetan geldirik igotzea dela, esfortzu gabe garatzeneta, euskaraz aritzea ordea, beherantza dijoazen eskailerak igotzen saiatzea; nahiz eta ahaleginak egin beherantz joan zaitezke. Nik uste dut politikek eta Bereziki Bilbon EAJ-PSEren politikek ez dutela jotzen euskararen normalizatze baten aldeko politika ausartak egitera. Horren eredu da duela gutxi Osoko Bilkura batean Euskararen Aldeko Udal ordenantza sartzeko eskaera egin zela, Ordenantza bilbotarrentzat erasokorra izan zitekeela izan zen erantzuna.

l: Berdintasunaz hitz egiten dugunean ez gabiltza euskaldunaren gorputzetik soilik, Euskal Herrira datorren, Euskal Herrian bizi den elebakarren gorputzetik ari gara. Azken finean hizkuntza denoi ukatzen zaigu; hona datorren edozeinek ez dauka aukerarik euskara ikasi ahal izateko. Horretan, adibidez Bilboko Euskaltegien sareak lan handia egin nahi izan du dirulaguntzak handitzeko, baina hori ez da bilbora etorri behar izan den pertsona migratuaren baldintzetan islatzen. Hasteko erroldatuta egon behar zara, eta askoren errealitatea da paperik ere ez dutela, ordutegiak ere oso zurrunak dira eta hona etorritako askoren erralitatea da bizi duten egoerak ez diela euskera ikasi ahal izateko aukera ematen. Administrazioan ari den jendeari bai, libratzeko aukera dutelako, ondo dago bide hori eskura izatea, baina askoren erralitatea ez da hori. Neurriak hartu behar dira esparru eta maila oso ezberdinetan. Guk ulertzen dugu euskaldunoi ukatu egiten zaigula euskaraz bizitzeko aukera, baina datorrenari ere ukatu egin zaio euskara ikasteko aukera hori.