Juan Carlos Perez eta Kirmen Uribek firmatu dute ostegun honetan Arriaga Antzokian aurkeztuko den “Saturraran” opera. Azken hamarkadetako euskal kulturaren bi erraldoiek sortu dute lan berri hau, Saturraran hondartzako harroken kondairan oinarritua, zeinaren arabera bi haitzak gizarteak elkar maitatzen utzi ez dien maitaleak dira, uretan ito ostean sortuak. Elkar maitatzerik ez duten bi emakumeren istorioa da Saturraran, 80. hamarkadan kokatua. Ane, alturako arrantzale baten alaba eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, heroinaren zurunbiloak harrapatu eta Saturrarango kartzela zaharrean hartzen dute babera. Heroina eta ihesaren garaia, arrantza munduaren gainbehera eta beste zenbait gai ditu muinean operak, “Libreak izaten irakasi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran”.
Lucía Astigarragak izan du zuzendaritza eszenikoaren ardura obra honetan, zeinak Kirmen Uribek idatzitako libretoaren kutsu onirikoa eszenografiara itzuli duen. Uriberen euskarazko testua jarraiki, opera euskaraz interpretatuko da, gaztelerazko eta ingelesezko gaintituluekin. Jon Malaxetxebarria arduratu da zuzendaritza musikalaz eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa gidatzeaz; Elías Arranz eta Andrea Jiménez ditu buru ahots taldeak, zeina Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernándezek osatzen duten, Bilboko Koral Elkarteko 40 koralista baino gehiagorekin batera, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.
Ostegun honetan, hilak 20, aurkeztuko da opera, 19:30etan, eta larunbatean beste taularatze bat egingo da 19:00etan.