Memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia protagonista Zinegoaken sarietan

uriola.eus 2024ko uzt. 3a, 10:41

Argazkia: Lesvia film

Tzeli Hajidimitriou zuzendariaren Lesvia dokumentalak eraman du Zinegoak 2024ko Sari Nagusia.

Zinegoak, Bilboko LGBTIQ+ 21. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia izan ditu protagonista sari banaketan. Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren Lesvia dokumentalak jaso du EITBk 4000 eurorekin babesten duen Zenegoak Sari Nagusia. Epaimahaiak azaldu duenez, “dokumental hau beharrezkoa da bizikidetzari espazioa eman eta jende arruntari ahotsa emateko. Ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan, bazterketa pairatu duela, eta hau guztia kontuan hartuta ultraeskuinaren gorakada eta herrialde askotan neurri lesbofoboak hartzen ari direla”.

FIK kategorian Levan Akin zuzendariaren Crossing filmak eraman du saria, “Estambul zaratatsuaren erretratu bikaina egiten duelako. Pertsonaia guztiak elkarren artean bilatzen ari direla ematen du, baina batik bat, euren buruaren bila ari dira. Bere begirada zinematografikoagatik, gureak izan daitezkeen bizitza-bidaia horiekiko enpatia arraro bat sortzen duelako”.

Narratiba berriekin lotutako KRAK sailean Lisa Gerig zinegilearen The Hearing lanak eraman du saria, zeinak Europa eta Suitzak jasotzen dituen errefuxiatuen egoera azaltzen duen; "kuir edo ez kuir, bizi duten drama soziala islatzen du”. 1000 euroko publikoaren saria Elsa Aloisioren Au bord de nos nuits blanches filmak irabazi d; Senior epaimahaiaren sari nagusia Tomas Caliren L’esquissek eraman zuen eta aipamen berezia izan zuen Jone Arriolaren Dena asmatuta dago lanak “gazte bi ikusten ditugulako elkarrizketa luze batean, berba perfektua bilatzen dute elkarrekin abiatzen ari diren bidea definitzeko”. Gazte epaimahaiak Shuli Huang zuzendariaren Dang wo wang xiang ni de shi hou lanak irabazi du, haren argazki zuzendaritza eta alderdi bisual ederra azpimarratuta, eta  Afiocco Gnecco eta Carolina Yusteren Ciao Bambina lanari aipamen berezia eman zaie.