Bilboko Udalak uriko saltoki eta ostalaritzan euskara sustatzeko “Euskaraz Barra-Barra” kanpaina indarrean jarri du, eta gaurtik aurrera kanpainan parte hartuko duten 321 saltokiek identifikatzaile espezifikoak jarriko dituzte erakusleiho, pantaila, publizitate eta abarretan. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko zenbait udalerritan garatzen ari den ekimena da, sektorean euskararen erabilera bultzatzeko xedearekin.
Langileen %33,3 edo gehiago euskaldunak diren eta une oro euskara ulertzen duen langile bat gutxienez baduten merkataritza eta ostalaritzako establezimenduak dira kanpainan parte hartuko dutenak. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta hizkuntza-estresa murriztea du helburu kanpainak, bezero euskaldunei euskaraz komunikatzeko erraztasunak emanda.
Kanpainan parte hartu duten saltokien identifikazioa merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzearen aldeko Biribilko programaren barruan egin da, zeinaren baitan, 2019an zerbitzua euskaraz ematen zuten establezimenduak zerrendatu ziren, Euskararen Txanda ekimenean. Biribilko programak, identifikazio lanaz gain, merkatari eta ostalarientzako euskara-ikastaroak eta beste zenbait hizkuntza-baliabide eskaintzen ditu, sektoreko hiztegiak, euskarazko errotuluen ereduak, online itzultzaile automatikoak, eta abar, uriko merkatal guneetan zerbitzuak euskaraz eman ahal ditzaten.